Cacereseko presidentea Extremaduraren kultur astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 3a, 02:00

Charo Cordero Cacereseko diputazioko presidenteari harrera ofiziala eginez ekin zaio Hogar Extremeño elkartearen kultur asteari. Andoaingo Udalean lehenbizi, eta elkartearen egoitzan ondoren, bi ekitaldi egin dira eguardi partean.

[Argazkiak]

Andoaingo Elkartearen gonbidapenari erantzunez, Cacereseko presidentea Alvaro Sanchez Kulturako diputatuarekin batera Andoainera heldu da gaur eguardian. Udaletxearen atarian, Udaleko alderdi guztietako ordezkariek, Ana Carrere buru dutela, harrera ofiziala egin diete; Foru Aldundiko Kulturako diputatua den Denis Itsaso ere bertan izan da.

Asier Garmendia Urkiko dantzariak Urigaingo txistularien laguntzaz aurreskua dantzatu diete, protokoloari jarraiki. Ondoren denak udal batzar aretora igo dira. Bertan, opariak trukatu, eta nork bere mintzaldia egin du.

Udaletxeko ekitaldia amaiturik, udaletxean bildutako guztiak Hogar Extremeñoren egoitza abiatu dira txistularien doinuek markatzen zuten kalejira eginez.

Bazkidez josita zegoen ordurako egoitza. Bertan, Extremadurako ereserkia abestu da, eta Donostiatik etorritako dantza talde batek Extremadurako folkloreko bi dantza interpretatu ditu. Egoitzako ekitaldian ere, udaletxean egin den zeremonia errepikatu da: oparien trukatzea eta hitzaldien txanda, alegia. Bigarren harrera horren ostean,

Charo Corderok “emozioen eguna” gisa definitu du gaurko jaia, eta ez zaio arrazoirik falta izan. Elkarteko hainbat kideren antzera, Ignacio Gomez Hogar Extremeñoko presidentea ere hunkituta agertu da bi ekitaldietan zehar. Adierazi du Extremaduran jatorria duten milatik gora pertsona bizi direla Andoainen eta horientzat eta gainerako andoaindarrentzat ere egun handia dela gaurko ekitaldia, kulturen arteko elkarbizitza sinbolizatzen duelako.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!