Egape ikastolak antolatuta, eta bere 50. urteurreneko ospakizunen egitarauaren baitan, Oianume jatetxean afaria egin zuten joan zen ostiralean. Ikastolaren deialdiari erantzunez, adin guztietako 310 urnietar elkartu ziren bertan, giro atseginean. Ikasturtean zehar 50. urteurrena dela eta antolatutako ekintza jendetsuena izan zen. Bertan elkartu ziren ikasle-ohiak, gurasoak, eta garai bateko eta egungo langileak. Denek ere, lagunarteko giroan, hainbat bizipen eta oroitzapen partekatzeko aukera izan zuten.
Afaria ez zen mugatu ordea jan-edanera. Oianumeko gaua jantzi zuten hainbat ekitaldi gauzatu baitziren, besteak beste, ikastolaren ibilbidea jasotzen duten argazkiekin osatutako bideoa proiektatu zen pantaila handian; Maripi Sarasolak, ikastolaren lehen irakasle izandakoak, bertso batzuk eskaini zituen; edota, Egaperen lehenengo zuzendaria izandako Juxto Egañak gidatuta, hainbat abesti kantatu zituzten bertaratutakoek, Fermin Zinkunegiren akordeoia lagun zutela.
Afalostean, batzuk etxerako bidea hartu zuten bitartean, askok jatetxeko diskotekan hartu zuten aterbe, goizaldeko ordu txikiak arte jaia luzatuz.