Manu Muriel oroimenezkoa, larunbat honetan Arratzainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 2a, 02:00

Hamabi talde lehian arituko dira larunbat honetan. Berezia izango da, Billabona FKE datorren denboraldi begira Preferente mailan arituko baita.

Billabona FKEren azken berriak:

Joan zen larunbata, maiatzak 27, garrantzitsua zen Billabona FKE-arentzat. Bi partida garrantzitsu zituzten lehian, batetik, Ohorezko jubenil mailakoek, kategoria mantentzeko partida zuten, Allerruren aurka. Bestetik, Erregional mailako gazteek, final handia jokatu zuten Berazubiko estadioan, Ordiziaren aurka. 

Arratzaingo futbol zelaian zuten lehen hitzordua. Ohorezko jubenil mailakoek 14. postuan amaitu zuten liga, eta mailari eusteko partida erabakiorra jokatu beharra zuten. Joaneko partidan 0-0ko emaitza lortuta, ezinbestekoa zuten garaipena. 3-1eko emaitzaz, helburua bete zuten billabonatarrek eta honenbestez, jubenil mailako bi talde izaten jarraituko du Billabona FKEk. 

 

Final handia

Erregional mailako gazteek ere partida garrantzitsua zuten larunbat arratsaldean. Denboraldi bikaina egin dute, euren taldeko lehen postuan sailkatuz. Preferente mailan aritzeko txartela eman die horrek, eta baita larunbateko final handia jokatzeko aukera ere. Ordiziako futbol taldea izan zuten aurrez aurre billabonatarrek. 

Asier Etxaniz entrenatzaileak azaldu duenez, “Berazubi estadioan zen partida; belar naturala duen zelai handian. Erronka berezia zen guretzat eta ilusio handiz joan ginen. Oso giro polita sortu zen, bai taldeen artean, baita harmailetan ere. Partida hasi aurretik, bagenekien oso garrantzitsua izango zela lehen minutuetan kontzentrazioari eutsi eta zelaira ohitzea”. Aurkarien lehen gola, ordea, lehen minutuetan iritsi zen. Berdinketa lortu bazuten ere, laster jaso zuten bigarrena. “Ez genuen ospakizunetarako denborarik ere izan. Atsedenaldirako, ordea, berriz ere berdinketa lortu genuen. Oso partida ona egin genuen, baloiaren jabetza gurea izan zen. Ordiziak, ordea, beste gol bat egin zigun bigarren zatiaren hasieran eta ezin izan genuen berdinketa lortu. Harro egoteko moduko denboraldia egin dugu, partidan zehar ikusi ahal izan zen urte osoan zehar egindako lana”. 

Hurrengo denboraldian Preferente mailan arituko da Billabona FKE: “Denboraldi berezia datorkigu eta taldeari forma emateko lanetan ari gara orain”, azaldu du Asierrek.

 

Datozen hitzorduak: 

l Ekainak 3, larunbata

III. Manu Muriel oroimenezkoa.

Arratzain. 12 talde lehian.

l Uztailak 10-21

Futbol kanpusa.

Arratzain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!