Jatorri mugarik gabe, herritar guztien festa igandean Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 2a, 02:00

Urteroko ohiturari jarraituz, etorkinen eguna ospatuko dute Asteasun igandean. Elkar ezagutu eta egun polita igarotzeko aitzakia eskainiko die festak asteasuar guztiei. 12:00ean hasita, etorkinek prestatutako jakiak dastatzeko aukera, plazan. Ondoren, haur jolasak izango dira gozagarri. Bazkalondoan, Son Candela taldeak dantzarako aukera jarriko du plazan. 

Elkarrizketa | Ashley Simmons eta Ivan de Paoli:

Ivan de Paoli italiarrak eta Ashley Simmons estatubatuarrak lehendabiziko aldiz biziko dute etorkinekin elkarlanean antolatzen den festa. Biak ere Asteasura iritsi berriak dira, eta pozik hartu dute ekimenean parte hartzeko gonbita. 

 

Ashley, alaskarra

Abenduan iritsi zen Ashley Asteasura. Alaskan jaioa da, eta oso pozik dago Asteasuk eskaini dion harreragatik. Donostia izan du bizitoki zenbait urtez, baina berak beti izan du argi herri txiki batean bizi nahi zuela, hainbeste atsegin duen naturagatik gertu. 

Maitasunak ekarri zuen Ashley Euskal Herrira. “Californian ikasten ari nintzela ezagutu nuen Kepa. Sestaokoa da, eta bera ere ikasketak egiten ari zen Californian. Donostian aurkitu zuen lana, eta hona etorri ginen 2006an. Donostian egin ditugu urte batzuk, baina bi alabak jaio zirenean, menditik eta naturatik gertuago egoteko gogoa piztu zitzaigun. Abenduan iritsi ginen Asteasura, eta oso pozik gaude”, azaldu du.  

 

Gustura Asteasun

Asteasu oso polita dela iruditzen zaio Ashleyri: “Industrigune handia badu ere, herrigunetik ez da ikusten, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Bestalde, oso jende jatorra topatu dut bertan”. Ashleyk azaldu duenez, oso esperientzia onak izan ditu asteasuarrekin, nahiz eta oraindik ez duen jende asko ezagutzeko aukerarik izan. 

Baserri batean hazitakoa da Ashley, Alaskan. “Han ez dago herrigunerik, ez dago lagunekin elkartu eta zerbait hartzera joateko ohiturarik. Etxean egiten dira festak. Alde horretatik, hemengo ohiturak aberatsagoak iruditzen zaizkit”. Gustura dago, beraz, Euskal Herriko bizimoduarekin, nahiz eta sentitzen duen hutsik ere: “Zalantzarik gabe, etxekoen eta lagunen hutsa sentitzen dut bereziki, baina horrez gain, askotan gogoratzen naiz Alaskako natura basatiarekin. Hemen, mendira joaten zarenean, badakizu gehienez ere bi orduko ibilaldia eginda baserri edo herri batera iritsiko zarela, edo norbaitekin topo egingo duzula. Alaskan berriz ez. Eremu natural ikaragarriak daude; natura basatia da eta horrek ematen duen sentipena oso berezia da”. 

Behin edo behin, oporretan etorria zen Ashley Euskal Herrira, baina inoz ez zuen pentsatu bertan bizitzen geratuko zenik. “Froga egiteko asmoz etorri ginen. Orain, ordea, bi alabak hemen jaio dira eta epe motzera behintzat ez dugu bizitokia aldatuko. Oso gustura gaude egindako hautuarekin”. 

 

Umeak, eskolara

Irailean, Pello Errota ikastetxean hasiko dira Ashleyren bi alabak, eta horrek herriko giroan gehiago murgiltzen lagunduko diola uste du: “Jende gehiago ezagutzeko aukera emango dit. Donostiako ikastetxe batean ari dira orain, eta ez ditut ikasturte erdian ikastetxez aldatu nahi izan”. Erabaki horrek egunero Donostiara joan-etorrian ibili beharra ekarri dio Ashleyri eta irailetik aurrera, dena errazagoa izango delakoan dago alaskarra. 

 

Laster, Alaskara

Urtero joaten da Ashley Alaskara eta ekaina amaieran izango du horretarako aukera. “Bi alabekin egingo dut bidaia, eta horrek pixka bat urduritzen nau. Bidaia luzea da, deserosoa. Hiru hegazkin ezberdin hartu beharko ditugu eta hegaldi luzeena, 10 ordu ingurukoa izaten da. Nolanahi ere, pozik nago etxera noalako”. Etxekoen bisita ere jaso du Asteasun. Etorri berria zela, ama izan zuen etxean, eta hura ere oso gustura ibili zen Asteasun. Ashleyk harrituta azpimarratzen du ekimen ugari antolatzen direla herrian. “Maskarada, Muskerraren eguna…, ekimen horiek bizitza ematen diote herriari. Nazioarteko jaia ere berezia izango da”. 

 

Festarako, gogotsu

Gustura hartu zuen etorkinen egunean parte hartzeko deia eta dagoeneko garbi du zein otordu prestatuko duen. “Haragi pastela egitea pentsatu dut, han oso ohikoa delako. Eta postrerako, txokolate pusketatxoak dituzten gailetak. Egia esan, gustatzen zait nire herriko otorduak prestatzea, eta ez zait zaila egiten osagaiak aurkitzea. Errezetaren batekin, hori bai, astuna egiten zait kantitateak kalkulatzen aritu beharra. Izan ere, neurtzeko sistema ezberdina erabiltzen baitugu han”, azaldu du Ashleyk.

Ingelesez aritzen dira gehienbat Ashleyren etxean, nahiz eta euskaraz ere pixka bat moldatzen den. “Euskaltegian ibili nintzen, eta denbora gutxian, asko ikasi nuen. Gero, ordea, ez dut jarraitu eta pixka bat galdu egin dut. Alabekin ikasiko dudala iruditzen zait”. 

 

Ivan, italiarra

Ivan de Paoli italiarra da eta hilabete inguru darama Asteasun. Lanak ekarri zuen bertara eta Donostian bizi ondoren, Asteasura etortzea erabaki zuen. Leonardo bekaren bidez iritsi zen Ivan Donostiara. Ordurako, Gaztelako andregaia zuen Ivanek, eta hark bideratu zuen Donostiara. “Iritsi aurretik ez nuen Donostia ezagutzen. Leonardo programaren bidez bi aukera nituen, Malaga edo Donostia. Egia esateko, momentu hartan nahiago izango nukeen Malaga egokitu izan balitzait. Donostiara etortzea egokitu zitzaidan, ordea, eta ikaragarri gustura nago hala izan zelako”, azaldu du irribarretsu. 

 

Atxagaren etxean

Asteasuko enpresa batean suertatu zitzaion lanerako aukera, eta bolada batez Donostian bizitzen jarraitu bazuen ere, Asteasura etortzeko erabakia hartu dute Ivanek eta familiak: “Semea dugu orain, eta lasaitasuna behar genuen. Joan-etorri gutxiago egin behar dut autoz, eta bizimodua ere lasaiagoa da. Bitxikeria bezala esan behar dut, herri guztiak ezagutzen nauela hemen, Bernardo Atxagaren jaiotetxean bizi naizelako. Oso pozik gaude bertan; etxe handia da; guretzat oso erosoa”. 

Semeak asko laguntzen dio jendea ezagutzeko garaian: “Bi urte ditu eta oso ume ireki eta mugitua da. Asteasuar guztiek ezagutzen dute dagoeneko, eta bere bidez, baita ni ere. Alde horretatik, erraza egin zait jendearekin harremanetan hastea”. 

 

Espagetiak eta tiramisua

Ivan ere gogotsu da ekainaren 4ko festarako. “Espagetiak prestatuko ditut, boloñesa eran, eta postrerako, tiramisua. Italiako jaki bat prestatzeko esan zidatenean, horiexek egitea pentsatu nuen. Kantitateak ondo kalkulatzea izango da nire erronkarik handiena”, dio irribarretsu. Etorkinen festa oso aberasgarria dela irizten dio Ivanek: “Ongi-etorria egiteko modu polita da eta baita beste kultura batzuk eta herritarrak ezagutzeko modu polita ere”. 

Egunerokoan, Ivani ere asko gustatzen zaio jaki italiarrak prestatzea: “Etxean aritzen naiz, baina horrez gain, asko gustatzen zait elkarte gastronomikoen kultura. Lanean hasi eta denbora gutxira antolatu nuen afari italiar bat. Elkarte batean egiteko aukera izan nuen, eta oso gustura ibili nintzen”. 

 

Abeslari

Lanak tarte libreak uzten dizkionean, musika da Ivanen zaletasun nagusiena. Talde handien bertsioak egiten dituen talde bateko kide da eta kontzerturen bat edo beste eskaini izan du. “Abeslaria naiz eta gitarra ere jotzen dut. Azken boladan oso gutxitan elkartzen gara entseguetarako, lan ordutegiak bateratzea zaila zaigulako, baina ahal dudan guztietan hartzen dut gitarra, musikarekin gozatzeko”, azpimarratu du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!