Iruntxiberrik Kirol Merezimenduaren saria jaso zuen atzo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 2a, 02:00

Herri kiroletan egundoko kirolaria izan zen Leon Alberniz Iruntxiberri-ri Kirol Merezimenduaren saria eman zitzaion atzo. Andoaingo Kirol Patronatuak eta kirol taldeek aitormena eta esker ona adierazi nahi izan diote era horretan. Sarituaren familiako kide eta herri kirolari ugari hurbildu zen Basteron ospatu zen ekitaldira.

[Argazkiak]

 

Labur mintzatu zen Iruntxiberri, oroigarria jasotzeko oholtzara igo zenean: “sentimenduz nago, eta asko ezin du hitz egin. Ez nuen pentsatzen holako gauzarik ikusi behar nuenik. Niretzako ezusteko izugarria izan da herriak nire alde egin duena. Nire bizitza guztirako oroitzapena izango da, ez naiz sekula ahaztuko Andoaingo herriarekin, eta hemen azaldu diren hainbeste lagunekin. Mila esker denei. Gaurko honekin pixka baterako zorretan geratzen naiz”.

Alderdi politikoen eta kirol taldeen zein kirolari ugariren testigantzak entzun izan ziren ekitaldian zehar, Iruntxiberren merituak goraipatuz eta hari eskerrak emanez.

Ana Carrere alkateak herri kirolen jatorri eta ezaugarriak azpimarratu zituen “Herri kirolak herritik eta herriarentzat sortutako kirolak dira; aintzinako ohituretan sustraituta daude eta urteen poderioz, gure herriaren nortasunaren eredu bilakatu dira, landa, itsaso eta baserri eremuekin euskaldunok daukagun loturen seinale”. Errealitate horren ispilu gisa definitu zuen Iruntxiberri: “Aparteko lekukoa da Leon Albeniz. Lan itzela egin du herri-kirol ezberdinak sustatuz eta horietako askotan parte hartuz”.

Omenduak herri kirolari izateaz gain, kirol herri-kirolei egin dien ekarpena aipatu zuen Carrerek: “elikaduraren eta entrenamenduaren sistema modernoak proposatu ditu; era tradizionaletik modernizazioren bidean jartzeko lanetan protagonistetako bat izan da, eta horrexegatik ere eskerrak eman behar dizkiogu”.

 

Pelikula baterako biografia

Ainhoa Aiertza ekitaldiaren aurkezleak deskribatu zuen Albenizen biografia, eta haren merituak azpimarratu. Gogoratu zuen kirolaren alde egiten den lana eskertu nahi duela Kirol Merezimenduaren sariak, kirol lorpen guztien gainetik. “Izan ere, kirola esfortzua eta sakrifizioaz haratago, bizitzeko modu bat ere bai baita”. Esandakoarekin adibidetzat jo zuen Leon Albeniz Iruntxiberri. “Eskolara joateko zuen ibilbideari aurre eginez korrika joaten zen klasera. Baserriko lanengatik umetatik ohituta zegoen lanaldi luzetara, eta Aian, jaioterrian lasterketa bat prestatzen ari zirela, herriko korrikalaria behar zela eta bere bila joan zirenetik, kirolari lotua egon da bere bizitza”.

Ekitaldira bertaratutakoei, atzoko sarituaren bizimoduak dokumental edo pelikula baterako ematen zuela baieztatu ondoren, Nire aitortza eta berriketa liburua irakurtzea gomendatu zien Aiertzak, bertan Iruntxiberrik ezin egokiago deskribatu baitu apustuei lotutako herri kirolen iraganeko errealitatea.

“Apustuaren alderdi gazi-gozoak ezagutu eta bizitzeko aukera izan zuen urte askoan. Egindako apustu gehienak irabazi zituen, eta momentuko kirolari garrantzitsu eta onenekin lehiatu zen, askotan, aurkariak baino metro gehiago korrituz edota biren aurka lehiatzea ausartu zen, banakako lehiaketan ez baitzuen kontrariorik. Besteak beste, Juan Kruz Arruitzko Txikia, Miguel Aldatz, Andoaingo Patxi Irizar eta Doroteo, Jose Aierbe, Jose Miguel Irazu, Juan Jose Irazusta edota Jose Miguel Maiz kirolariak ere menderatu zituen behin baino gehiagotan”.

Dirua ez ezik aurkaria baino gehiago izan nahiaren grina jartzen zen jokoan apustu horietan, eta benetan ahaztu behar ez den datua da kirolari handiak izaten zirela apustu horien protagonistak. Alde horretatik, Iruntxiberrik baditu ezarriak zenbait marka, oraindik inork ez dituenak gainditu.

“Garai haietan apustu horiek zaletuetan sortu zuten ikusminak, eta lorturiko markak, generazio baten oroitzapenetan gordeak daude oraindik. Iruntxiberri berak aitortu bezala, gustura ikusiko luke berak egindako proba horien markak hobetuko lukeen kirolariak. Izan ere, gaur normala litzake garai hartako marka borratzea”.

Aiertzak Iruntxiberri kirolariaren senblantza egin ostean, bere alaba Belenen adierazpenak entzun ahal izan ziren, kamera aurrean egindakoak. Familiaren ikuspuntua gerturatu zuen. “Egia esan, kirolari handia izan da gure aita; eta aitortu behar dut apustu mundu horretan ere ibili zenean, maiz diru kontuak eta lagunarteko haserreak ikusten genituela, eta familiari horrek zeozer atzera egitea eragin zion. Bera pertsona onbera da, edonori laguntzeko prest beti, herri kiroletan azken urte hauetan ikusi daitekeen bezala. Bizitza bizitzea gustatzen zaion gizona da, bere buruaz barre egitea gogoko duena. Gogoz eta pasioz bizi du eskuartean daukan guztia; ezaugarri ona da hori berez, baina aldi berean, lasaitasun pixka bat behar duzu…”.

Ekitaldiaren gidoiak jasotzen ez bazuen ere, Iruntxiberriren familiako kide den Joseba Jimenezek, oholtzara igo eta bi bertso eskaini zizkion (doinua: Xori berriketaria):

Lehoiak e oihanean

izaten ditu kaltiak.

Bizitza ez da beti izaten

zorion beti-betiak.

Senidek eta adiskideak

baita ere eguzkiak

harritu ditu oraintxe ere

lehoiaren balentriak.

 

Hamaika ofizio ikasi

ta gainera bere kasa.

Holako maila izatea /

txikia ez da erraza

Bueno pasatu dezu jadanik

Olinporen langa pasa

Lazkao Txikik zion bezala:

txikia baina ez eskasa.

 

Andoaingo alderdi politikoen ordezkariek zein hainbat kirol talde eta kirolariek eskerrak eman nahi izan zizkioten Iruntxinberriri, eta bata bestearen segidan joan ziren agertzen ekitaldian ikusi ahal izan zen azken bideo muntaian: hala nola, Ana Carrere (Alkatea), Mari Jose Izagirre (EAJ), Andoni Alvarez (Gazteleku), Aitor Amutxastegi (Andoaingo txirrindulari Taldea), Jon Beloki (San Estebango Jai Batzordea), Pako Arnaiz (Zumeatarra), Jose Angel sarasola (herri kiroletako aurkezlea), Maria Gabirondo (segalaria), Antoni Iturrioz…

Aipamen bereziak

Sarituaz gain, herriko beste zenbait kirol talde nahiz kirolari modu berezian gogoratu nahi izan ziren ekitaldian zehar. Euskal Herriko segalarien txapela burura eraman berri duen Maria Luisa Gabirondo izan zen lehena aipatzen. "Meritu bikoitza du, zeren eta segara bueltatu da zazpi urteren ondoren eta indarrean dauden gazteei irabazi die". Hain zuzen, aurtengo Kirol Astean herri kirolek aparteko tokia hartu dute, eta Gabirondoren irudia erabili da horretarako.

Halaber, Andoaingo hiru kirol taldeek azken boladan erakutsitako trebeziak aipatu ziren:

- Agustin Leiza Xake Elkartea. Aurreko denboraldian Gipuzkoako lehenego mailako txapelketa irabazi zuen.

- Ganbara (saskibaloia). Gipuzkoako lehenengo maila igotzeko play off-a jokatu zuen, nahiz azkenean ez igo.

- Oskarbi (gimnasia erritmikoa): alebinen taldea Gipuzkoako txapelduna gelditu zen aurreko denboraldian eta alebinak, infantilak eta kadeteak kategoriaz igo ziren.

 

Arrate eta Allurralderen urteurrenak gogoan

Arrate pilotalekuak 40 urte betetzen ditu aurten, eta 25 Allurralde kiroldegiak, eta ekitaldian gogoan eduki ziren data seinalatu horiek. Bi instalazio horietako erabiltzaile batzuen bizipenak jasotzen dituen bideo muntaia ikusi ahal izan zen ekitaldian. Lekukotza horiek argi utzi zuten Arratek zein Allurraldek ere Andoaingo kirolei eta herritarrei ekarri dizkien onurak.  

Bestalde, esan behar da astean zehar bi kirol instalazio horien historia eta bilakaera kontatzen duen argazki erakusketa dagoela ikusgai Allurralden bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!