Etorkizuneko Andoain irisgarriaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko eka. 1a, 02:00

Andoain aisialdiaren ikuspuntutik landu zuten Ondarreta, Larramendi Ikastola, La Salle-Berrozpe eta Leitzarango ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikasleek, eta hilabeteetan luzatu den lanketa horren emaitza idatzita eraman zuten Kontzejupeko ekitaldira. 

ADINEKOEN PROPOSAMENAK

Eloi Artolazabalek ekitaldian azaldu zuenez, “Andoaingo esparruan bertan ibiltzeko ibilbide motzak eta luzeak prestatzen ari gara. Bi helburu bete nahi ditugu: batetik, adineko jendea etxetik atera eta ibil dadila, osasungarria baita ariketa fisikoa egitea. Bestetik, ikuspegi soziala eman nahi diogu ekimenari; alegia, ibiltzera doan jendea elkartzera bultzatu nahi dugu, harremanetan jarri eta solaserako tartea eduki dezala. Oso erraza izango da ekimenaren mekanika. Nahikoa izango da seinalatzen diren egunetan Goikoplazara hurbiltzea eta bertan izena ematea prestatu den ibilbidean parte hartu ahal izateko. Ibilbide bakoitzak bere arduraduna izango du. Herriko pertsonak edo elkarteak izango dira egun horretako antolatzaileak. Jada asko dira konpromiso horretara lotu direnak”.

DUNAK TALDEA
Dunak arkitektoen elkarteak hainbat proposamen aurkeztu zituen. Udalak elkarte honi aurreproiektu bat egiteko eskatu zion eta honek herriko bost espazio publikoei begirako proposamenak egin zituen.
• Kiroldegiaren aldameneko belazea: Skate parkea.
• Bekoplaza: Egurrezko eserleku eta mahaiak jarri eta plazaren eta ibaiaren artean ibilbidetxo bat egokitzea, garbitokiraino.
• Doktor Huiziko parkea: Egurrezko eserleku eta mahaiak jartzea, eta autoen zarata ekiditeko horma jartzea.
• Miranda pasealekua: Estalkia jartzea eguraldi txarra denerako.
• Leizaur parkean: Patinatzeko zorua berritzea.

Ana Carrere alkateak hausnarketa eta ekarpenak ahal duen neurrian aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!