Zimiterioko pilota txapelketa, III. Malli memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 31a, 02:00

Dagoeneko iritsi da Zimiterioko pilota txapelketan izena emateko garaia. Eskuz binaka jokatzen den txapelketa da, eta pilotalekuak xarma berezia ematen dio. Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 11ra arte, eta telefono zenbaki hauetara deituta egin daiteke: 617 699 400 edo 695 752 962.
 

Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak hamabosgarren urtez Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa antolatu du, duela hiru urtez geroztik Malli memoriala ere badena. Zizurkilgo elizari atxikita dagoen frontoi berezi horri bizia emateko sortu zen txapelketa herrikoi hau duela 15 urte. Iaz 16 bikotek hartu zuten parte.

Iritsi da aurtengorako izena emateko garaia ere. Ekainaren 11ra arte egongo da zabalik horretarako aukera. Bete beharreko baldintza bakarra esku pilotan aritzeko gogoa izatea da. Izena ematen duen bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du, baina sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak, txapela, kopa 100 euro eta afaria bereganatuko ditu. Azpitxapeldunak, kopa, 50 euro eta afaria. Hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek, afari bana irabaziko dute. Lehenengo bikote zizurkildarrak berriz, 30 euro eskuratuko ditu. Izena emateko telefono hauetara dei daiteke: 617 699 400 edo 695 752 962

Frontoi berezia

Zimiterioa frontoi berezia da. Jatorriz Zizurkilek pilotan ibiltzeko zuen txokoa. Alturaz baxua da, bost kuadro besterik ez ditu, eta atzeko pareta erdiraino soilik iristen da. Alboetan bi poste daude gainera, pilotarien jarduna baldintzatu dezaketenak. Nahi duen edonork aukera paregabea izango du datozen asteetan pilotaleku honen xarmaz gozatzeko.

Kanporaketa partidak larunbat arratsaldetan izan ohi dira eta  finala berriz, ohi bezala, Zizurkilgo Amabirjin jaietan jokatuko da, aurten, abuztuaren 14an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!