Ikasle eta jubilatuen proposamen ugari, Agenda 21erako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 26a, 02:00

Agenda 21aren ekitaldia egin zen atzo kontsekupean Andoaingo Udalak antolatuta, eta bertan ikastetxeetako ikasle eta jubilatuek Andoaingo herriaren diagnostikoa egin zuten, aisialdi guneen ikuspegitik batik bat. Hainbat iritzi, proposamen eta eskaera eman zituzten aditzera.

[Argazkiak]

Andoain aisialdiaren ikuspuntutik landu dute Ondarreta, Larramendi Ikastola, La Salle-Berrozpe eta Leitzarango ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikasleek, eta hilabeteetan luzatu den lanketa horren emaitzak idatzita ekarri zituzten ekitaldira. Besteak beste, jolaserako eremuak ezagutu, eta espazio horien irisgarritasuna, jolasgarritasuna eta segurtasuna aztertu dute, eta parkeak ez diren aisialdi espazioen (plazak, lorategiak...) gaineko hausnarketa egin dute. Horrekin batera, herriko jubilatuekin elkartu dira, eta iritziak eta proposamenak elkar trukatu dituzte.

Ekitaldian zehar makina bat konpromezu eta proposamen entzun ahal izan ziren Ikasleen ahotatik.

 

Ibilbide motz eta luzeak

Horien ostean jubilatuek hartu zuten hitza, eta hurrengo hilabeteetan martxan jarriko duten ekimen baten berri eman zuten batik bat. Eloi Artolazabalek azaldu zuenez, “Andoaingo esparruan bertan ibiltzeko ibilbide motzak eta luzeak prestatzen ari gara. Bi helburu bete nahi ditugu: batetik, adineko jendea etxetik atera eta ibili dadila, osasungarria baita ariketa fisikoa egitea. Bestetik, ikuspegi soziala eman nahi diogu ekimenari; alegia, ibiltzera doan jendea elkartzera bultzatu nahi dugu, harremanetan jarri eta solaserako tartea eduki dezala. Oso erraza izango da ekimenaren mekanika. Nahikoa izango da seinalatzen diren egunetan Goikoplazara hurbiltzea eta bertan izena ematea prestatu den ibilbidean parte hartu ahal izateko. Ibilbide bakoitzak bere arduraduna izango du. Herriko pertsonak edo elkarteak izango dira egun horretako antolatzaileak. Jada asko dira konpromisu horretara lotu direnak”.

 

Beste lau proposamen zehatz

Azkenik, Dunak arkitektoen elkarteak hainbat proposamen aurkeztu zituen Agenda 21aren barnean kokatzen den atzoko ekitaldian. Udalak espazioen inguruan jaso izan dituen eskaerei erantzunez, Andoaingo Udalak elkarte honi aurreproiektu bat egiteko eskatu zion eta honek herriko lau espazio publikoei begirako lau proposamen egin ditu oraingoz. Dunak-eko bi kidek lau proposamen horiek azaldu zituzten, hain zuzen ere.

- Allurraldeko kiroldegiaren aldameneko belazean: skatean aritzeko pista jartzea.

- Bekoplazan: ingurua moldatzea, irisgarritasuna erraztuz eta egurrezko eserleku eta mahaiak-eta jarriaz batetik, eta bestetik plazaren eta ibairen artean ibilbidetxo bat jartzea garbitokiraino.

- Doktor Huizi kaleko parkean: egurrezko eserleku eta mahaiak jartzea, naturarekin jolasteko aukera emateko egurrezko egiturak jartzea, eta, autoen zarata ekiditeko horma jartzea.

- Miranda pasealekuan: negutegia bat jartzea eguraldi txarra denean barruan goxo egoteko, eta bertan mahaietan eseri eta jolastu ahal izateko.

- Leizaur parkean: patinatzeko zolua berritzea, kirola egiteko lekua moldatzea eta harmailuetan egurrezko eserlekuak jartzea.

Andoaingo Udal ordezkari politikoak ekitaldian bertan izan ziren, eta guztien izenean Ana Carrerek ikasle eta jubilatuei adierazi zien Andoaingo Udalak kontuan hartzen dituela egin dituzten hausnarketa eta ekarpenak, eta ahal duen neurrian aurrera eramaten saiatuko dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!