Duintasuna elkartea sortu da Tolosaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 26a, 02:00

Tolosaldeko Duintasuna elkartea aurkeztu zuten atzo eguerdian Tolosako udaletxean. Aurkezpen mahaia, besteak beste, Andoaingo Xabier Etxeberriak –Duintasuna elkarteko Gipuzkoako lehendakaria–, edota Maixabel Arrieta amasarrak eta Nekane Berriotxoa billabonatarrak osatu zuten:

2012ko martxoan eratu zen Duintasuna Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartea. Euren helburu nagusiak, adinekoen eskubideak defendatzea; herrian nahiz lurraldean adinekoen beharrei buruzko azterlanak egitea eta azterlan horien berri ematea, sektorearen errealitatea ezagutarazteko eta adinekoen egoera hobetzeko hainbat talde eta plataformatan parte hartzea da.

Kide askotariko elkartea da Duintasuna eta bertan hainbat sindikatuk (LAB, ELA, ESK) parte hartzen du, baita independenteek ere. Gipuzkoako zenbait herritan ari da lanean elkarte gisa, eta horietako batzuetan udal gizarte zerbitzuekin lankidetzan dihardu. Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen beste elkarte batzuekin batera, Duintasuna PAMGko kide da (Gipuzkoako Adineko Elkarteen Plataforma).

Elkarte horiek Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Adinekoen Foru Kontseilua martxan jar dezala eskatu diote eta Aldundiaren erantzunaren zain daude orain.
Duintasuna elkarteak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen du eta haien jardueretan ere bai.

Bestalde, Nafarroan, Bizkaian eta Araban ere badira Duintasunaren helburu eta jomuga berak dituzten elkarteak: Nafarroan eta Bizkaian, pentsionistak Martxan, eta Araban, Pentsionistak Lanean. Emakume taldeek ere parte hartzen dute herrialde bakoitzean, dituzten arazoak lantzeko. Koordinazio estua dute elkarte horiek beren artean eta oso garrantzitsua da elkarren artean egiten duten lana.

Duintasunak azken aldian egin dituen errebindikazioak:
-1080 euroko gutxieneko pentsioa eta Euskal Herriak Pentsio eta Gizarte segurantzako Sistema Propioa izan dezan lortzeko kanpaina. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan lortutako 71.724 sinadura aurkeztu zitzaizkion Eusko Jaurlaritzari.
-Eusko Jaurlaritzari pentsiodunen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta egunera dezala eskatu zaio, baina Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera bera erabilita, alegia, legeak ezarritako %8 aplikatuta.

Egun, Duintasuna oinarrizko hiru gai hauen inguruan ari da lanean: Pentsioak, menpekotasuna eta fiskalitatea.

Tolosaldeko Duintasuna elkartea
Orain denbora gutxi osatu dute Tolosaldeko elkartea eta ostegunero biltzen dira arratsaldeko 17:00etan Tolosako jubilatuen egoitzan. Tolosaldeko kideen artean, Amasa-Villabonako eta Asteasuko herritarrak parte hartzen ari dira eta elkartea zabaltzea helburu dutenez, eskualdeko gainerako herritar guztiei egiten die bertara gerturatu eta parte hartzeko deia. Duintasunaren errebindikazio guztiak jarri nahi dituzte martxan eta sortzen diren beharren arabera egin nahi dute lan.
Datorren asteazkenean, ekainaren 31n antolatu dute lehen hitzaldia herritarrei zuzenduta. 'Pentsioak eta etorkizuna'. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Tolosako kultur etxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!