Gipuzkoako Patinatzaileen Txapelketa, Andoainen igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 26a, 02:00

Ana Carrere Andoaingo Alkateak eta antolatzaileek Ubitarten bertan aurkeztu zuten txapelketa, atzo. Gazte eta helduen mailan jokatuko da Ubitarteko pistan, datorren igandean 10:00etatik aurrera. Ondoren, 12:00etan, nahi duenak patinetan ibiltzeko aukera edukiko du.

Beñat Azurmendik, Garikoitz Astarbek eta Manex Etxeberriak antolatzaileen izenean hitz egin zuten aurkezpenean. Azurmendik txapelketak izango dituen xehetasunak jakinarazi zituen. “Patinajearen kirola Gipuzkoan sustatu nahi izateaz gain, gure atzetik datozen belaunaldiei ere bidea erraztu nahi genieke, eta horrexegatik antolatu da txapelketa. 52 patinatzailek hartuko dute parte txapelketan; 12 urte ditu gazteenak, eta 70 urte helduenak. Horiekin batera Alain Irazuk ere korrituko du, kategoria egokituan, oin bakarrarekin”.

Andoaingo herritarrei gonbitea luzatu zien Azurmendik Ubitartera hurbil daitezen. “Ziurtatuta dago ikusgarritasuna, ze ikusi dira esprinak, erasoak, estrategiak… eta orduko 30-32 kilometroko abiadura hartuko patinatzaile askok. Esan daiteke txirrindularien pare ibiliko direla abiadurari dagokionez”.

Gipuzkoako sei taldeetako patinatzaileek hartuko dute parte txapelketan: Donostiako Bera Bera, Corsarios eta Donostia Roler, Bergarako Hanka Labanka, Hernaniko Kirol Kluba, eta Tolosako Irristaka.

Txapelketa amaitu ostean, 12:00ak aldera, bertaratzen diren ikusleek patinetan ibiltzeko aukera edukiko dute; eskola kirolak topaketaren baitan kokatzen da ekitaldi hori.

Ana Carrere Andoaingo alkateak eskerrak eman zizkien antolatzaileei Andoainera ekarri izanagatik txapelketa. Aldi berean, Andoaingo Irrist-Irri Andoaingo patinatzaileen taldearen lana goraipatu zuen “izugarrizko lan soziala egiten du, haur eta helduei lagunduz patinajean murgil daitezen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!