Gipuzkoako zirkuitoko lehen txapelketa, patinetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 26a, 02:00

Gipuzkoako Irristaketa federazioak Gipuzkoako lehen zirkuitoko txapelketa antolatu du, Ubitarte futbol zelaiaren kanpoko pistan. Andoainen izango da, beraz, probintzia mailako txapelketa.

Egitaraua:


Igande honetan, maiatzaren 28an, 10:00etan hasiko da txapelketa. Eguna osatze aldera, Eskola Kirola ekimeneko  topaketa egingo dute eguerdiko 12:00etatik aurrera. Topaketa hori ere Ubitarten izango da.

Ana Carrere Andoaingo alkateak, Ixiar Olano Allurralde Kirol Patronatuko zuzendariak eta antolatzaileek atzo Ubitarten bertan aurkeztu zuten txapelketa. Beñat Azurmendik, Garikoitz Astarbek eta Manex Etxeberriak hitz egin zuten antolaketaren izenean. Azurmendik txapelketak izango dituen xehetasunak jakinarazi zituen. “Patinaiaren kirola Gipuzkoan sustatu nahi izateaz gain, gure ondorenean datozen belaunaldiei ere bidea errazten nahi genieke, eta horrexegatik antolatu da txapelketa. 52 patinatzailek hartuko dute parte txapelketan; 12 urte izango ditu gazteenak, eta 70 urte helduenak. Horiekin batera Alain Irazuk ere korrituko du, kategoria egokituan, oin bakarrarekin”.

Andoaingo herritarrei gonbitea luzatu zien Azurmendik Ubitartera hurbil daitezen. “Ziurtatuta dago ikusgarritasuna, ze ikusi dira esprinak, erasoak, estrategiak… eta orduko 30-32 kilometroko abiadura hartuko patinatzaile askok. Esan daiteke txirrindularien pare ibiliko direla abiadurari dagokionez”.

Gipuzkoako sei taldeetako patinatzaileek hartuko dute parte txapelketan: Donostiako Bera Bera, Corsarios eta Donostia Roler, Bergarako Hanka Labanka, Hernaniko Kirol Elkartea, eta Tolosako Irristaka.

Txapelketa amaitu ostean, 12:00ak aldera, bertaratzen diren ikusleek patinetan ibiltzeko aukera edukiko dute; eskola kirolak topaketaren baitan kokatzen da ekitaldi hori.

Ana Carrerek eskerrak eman zizkien antolatzaileei Andoainera ekarri izanagatik txapelketa. Aldi berean, Andoaingo Irrist-Irri Andoaingo patinatzaileen taldearen lana goraipatu zuen “izugarrizko lan soziala egiten du, haur eta helduei lagunduz patinaian murgil daitezen”.

Patinaia edo irristaketa indarra hartzen ari den kirol jarduera da. Andoainen edota Tolosan taldeak osatu dira. Trebaketa saioak eskaintzeaz gain, lehiaketak eta irteerak antolatzen dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!