Herriartekoa

Eskualdeko bi taldeak finalaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 25a, 02:00

Am...ona! taldeko Amaia Agirre bertsolariarentzat, “Karidadeko Benta oso maila oneko taldea da". Karidadeko Bentako Haritz Mujikarentzat, bestalde, "txapelketa nagusi bateko finala balitz, aurkarien alde egingo nuke, teknikoki hobeak direlako. Baina txapelketa honetako formatuan guk ere aukerak izan ditzakegula uste dut".

Finalean, Am…ona! taldeko lau bertsolarietatik hiruk abestuko dute Azpeitiko pilotalekuko taula gainean (Amaia Agirre, Ander Goikoetxea, Beñat Iguaran edota Oihana Iguaran) eta euren onena ematen ahaleginduko dira txapela herriratu ahal izateko. Bi taldeak ezberdinak direla adierazi du Am…ona! taldeko Amaia Agirre bertsolariak. “Karidadeko Benta oso maila oneko taldea da. Erakargarriak dira hirukote bezala eta oso ondo kantatzen dute elkarrekin. Urtetan beste lanetan ibiliagatik, bertsoa beti mantendu izan du buruan Joseba Otaegik. Unai Mendizabal eta Haritz Mujika punta-puntan dabiltza oraintxe. Ilusioa eta indarra kutsatu egiten dituzte. Baina Am... ona! ere ez da talde txarra; adinez, estiloz edo ibilbidez diferentea izan arren”. Am…ona! taldeko kideek argi dute txapelaren bila joango direla Azpeitiko finalera. Amaia Agirrek kantatuko balu, bere ibilbideari brotxea jarriko liokeela dio, “finalean izateak baino are ilusio gehiago egingo lidake nire ikasle izandako bertsolariekin batera abesteak”. Finalean arituko diren bi taldeak Aiztondo eskualdekoak izatea, kasualitatea baino, kausalitatea dela dio, “Harituz bertso bilgunearen baitan astero ari dira entrenatzen bi taldeetako bertsolariak. Ilusioa eta prestakuntza batu dira eta, kasualitatez baino gehiago, lanaren ondorioz iritsi dira bi taldeak finalera”.

Karidadeko Benta taldean, berriz, Haritz Mujika asteasuarra eta Unai Mendizabal nahiz Joseba Otaegi zizurkildarrak ari dira bertsotan. Mujikak, ondo eta indartsu aurkitzen direla adierazi du finalaren bezperatan. “Orain arte ondo aritu gara saioetan eta motibatuta gaude. Alegian plaza handitu arren, maila ona erakutsi genuen eta hori erreferentziatzat hartuta, finalean ere lan ona egiteko aukera ikusten dugu. Txapelketan zehar, bakoitzak ondo egin ditu bere ariketak eta horrek norberarengan nahiz besteengan konfiantza ematen du”. Am…ona! taldetik finalean nork abestuko duen oraindik jakin ez arren, aurkariak ondo ezagutzen dituztela dio, “Ander Goikoetxeak, jendaurrean orain artean asko aritu ez arren, saio txukuna egin zuen Bergaran. Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Beñat Iguaranen maila ezaguna da, txapelketa ugaritako finaletan hartu dute parte”. Bakoitzak bere maila erakutsita, finalean lehia polita sor daitekeela uste du asteasuarrak. “Gauza txikien arabera erabaki daiteke finala. Txapelketa nagusi bateko finala balitz, aurkarien alde egingo nuke, teknikoki hobeak direlako. Baina txapelketa honetako formatuan guk ere aukerak izan ditzakegula uste dut, talde ariketetan edota agurrean esaterako, ondo moldatzen garelako”. Maiatzaren 27ko saioaren ondoren jakingo da Oria ibaiaren zein aldetara etortzen den txapela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!