Jokin Muruak bete zituen gai-jartzailearen lanak, eta Iñaki Otaegik aurkezlearenak.
Bost epailek baloratu zituzten bertsoak: Beñat Hach Embarekek (Osinalde), Aritz Garinek (Am…ona!), Itziar Irizarrek (Itziar), Ramon Iturrikastillok (Debagoiena), eta Aritz Arrutik (Aia eta Kitto).
Kanporaketak izan zituen azpimarratzekoak diren uneak, baina, oro har, ez zen bertsolariek eta zaletuek nahiko luketen bezain gozagarria izan.
Am… ona! taldeak ironiaz zipriztindu zuen hasierako agurra, aurkariekin ez ezik beren buruarekin ere erabiliz. Abesten hasi eta berehala, Anderrek eta Beñatek, Santa Agedako makilak eskuetan zituztela, Amaiari egin zioten eraso: “Amaia finalean egon zen/nobeintainueben hain zuzen/galdu egin zuen eta geroztik ez du bururik altxatzen”. Amaiak, “Chica ye-ye” kantaren doinuari heldu zion egoki erantzuteko: “Etzerate enteratzen ye, ye, ni enaizela zartzen, ardo onak bezala ari naiz/urte pasa ahala mejoratzen/ neska bat, neska bat, neska bat behar zen/hasteko pulamentu pixka bat jartzen”.
Ander Goikoetxea ere beste taldekideen biktima bilakatu zen, nola ez: “Andriu, Andriu, jo zak goia/eztiu alferrik fitxatu Altzoko erraldoia”.
Goikoetxea eta Iguaran aritu ziren ofizioko lanean, saioan zehar. Lehena, Aratz Igartzabalekin batera jarri zuten. Biak bikote izanik, lehengo aldiz doaz bidaia egitera; Anderrek motxila zalearen plana du gogoko, Aratzek, berriz, ezer egin gabe egonean egotea.
Iguaranek Endika Igartzabal izan zuen kanta lagun, zortziko txikian. Honako gaia hartuta: biek ere interneten profila jarrita daukate, bikotea topatzeko; gezurrezko datuak idatzi dituzte bertan. Kafea hartzeko geratu dira, eta hor non ohartu diren aspaldiko lagunak direla. Buru soiltzeak, antibirusak, argazkiko zakurra eta bestelako kontuak eduki zituzten gogoan, eta azken bertsoan Igartzabalek proposamen polita egin zion Iguarani: “Bueno ba hasi gaitezen/behingoan xirrika/ alperrikan ez dadin/izan gaurko zita”. Eta egoki erantzun zion Iguaranek: “Beraz denboa galtziak/egin enbarazu./Baino behingoagatik/egingo izut kasu/Ohe batian ziur/gera gaur ni ta zu./Nik adinako beharra/baldin badaukazu”.
Azkenik, Amaia Agirrek eta Gorka Maizek jardun zuten rolak emanda, hamarreko txikian; abeltzaina zen Amaia, motorzalea Gorka. Esan beharra dago ondoren heldu zen puntu-erantzuneko ariketan, antzeko trantzean jarri zutela Amaia. Mendian korrika aritzea obsesio bihurtu duten korrikalariak hartu behar izan zituen hizpide, eta arrazoi politak bota zituen.