Herriartekoa

Karidadeko Benta, Alegiatik Azpeitiko finalera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 25a, 02:00

Joseba Otaegi, Haritz Mujika eta Unai Mendizabalek osatutako Asteasu-Zizurkilgo taldea bikain aritu zen bertsotan joan zen maiatzaren 6an Alegiako finalerdian, umorea maiz erabiliz. Azpeitiko Erniarraitz 1 taldea ordezkatuz kantatu zuten Leire Ostolaza, Iñaki Lizaso eta Jokin Urangak ere finalerdira merituz iritsi direla erakutsi zuten.

Kronika:

Igotz Alkorta (Karidadeko Benta) gai-jartzaile gisa aritu zen, eta Gurutze Oiartzabalek (Erniarraitz 1) aurkezlearen lanak hartu zituen bere gain. Bost epailek neurtu zituzten bertsoak: Xabier Azpillagak (Erniarraitz 1), Jon Ormazabalek (Karidadeko Benta), Uxune Areizagak (Arrai nahastua, Getaria), Eresti Oiarbidek (Osinalde, Gabiria) eta Eneko Iriondok (Bertso Olariak, Legazpi).

Otaegi, Mendizabal zein Mujikak saio guztian konfiantza osoz eta gozatuz kantatzen ari zirela transmititu zien Alegira hurbildu ziren bertsozaleei.

Elkarrekin ari direnean ere konplizitate handia dutela erakutsi zuten; esate baterako, kopletako lana egin behar izan zutenean, bertso saioa grabatzen ari diren hiru kameralari gisa jarrita. Zer esanik ez, pertsonaien jolasa galde-erantzunetan berriro hirurak mikrofono aurrean jarri zirenean; Abel Barriola pilotaria zen ezkutuko pertsonaia, eta Unai Mendizabali egokitu zitzaion galderak egitea hura nor zen asmatzeko; beste biei, berriz, pistak ematea.
Ofizioko lanetan ezin polikiago jardun zuten hiruek ere, Erniarraitzeko bertsolarien laguntzarekin. Otaegi eta Ostolaza, zortziko handian, senar-emazteen trantzean jarri ziren: semeari mendirako zaletasuna itsatsi ostean, honek zortzimilakoa egitera doala adierazi die, eta biak elkarri begira jarri dira. Mujikak Beñat Lizaso izan zuen bikotea ofizioka, zortziko txikian. Horiek ere bikotearen azalean sartu behar. Mujikaren urtebetetze egunean, Lizaso opari berezi batekin agertu zaio: bularrean tatuajea egin du, bikotearen irudia bilutsik alegia. Azkenik, Mendizabalek Uranga izan zuen bikote bertsotan; polizia lehena, manifestaria bigarrena. Aipatu hiru saio horietan makina bat ziri sartze eta arrazoi on entzun ahal izan ziren, entzuleen gozamenerako.

Alegiako saioan nabarmentzekoa izan zen Joseba Otaegik hasi eta buka erakutsi zuen freskotasuna eta plazarako naturaltasuna, nahiz eta ez eduki taldeko beste biren ibilbidea bertsolari gisa. Bere eztarritik irten zen bertso batek jaso zituen txalo zaparradarik handienak Alegian; zortzi oin emanda harilkatu behar izan zuen bertsoa, Habanera doinua erabilita.
 

Oinak emanda
Joseba Otaegi bikain aritu zen oinak emanda bi bertso osatu beharreko ariketan. Lehenbizikoan, batik bat, Habaneran, honako zortzi oin emanda: korbata, zapata, soldata, kostata, falta, planta, galanta, dira-ta.
Goizean goiz ondo jantzi
txaketa eta zapata,
Madril aldean hain majo,
a zer nolako soldata!
Hilero miloiak jaso
ta halare beti falta.
Gainera egiten dute
oso langileen planta.
Ez daukanari kendu nahi,
ez al da gauza galanta?
Guk jornala irabazten deu
baina ederki kostata.
Bat baino gehiori estutu
nahiko nieke korbata.
Kabroi hoik gure kontura
ederki bizi dira-ta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!