Iruntxiberri, kirol merezimendua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 26a, 02:00

Leon Albeniz Iruntxiberri herri kirolari izandakoak jasoko du aurtengo Kirol Merezimenduaren Saria. Ekitaldiz beteta dator joan den astelehenean Ubitarten aurkeztu zen Kirol Astea, eta herri kirolei aparteko tartea eskainiko zaie.

Ana Carrere alkateak, Ixiar Olano Allurralde kirol Patronatuko zuzendariak, eta Marijose Izagirre EAJ eta Ascen Parron PSE-EE alderdietako ordezkariewk Kirol Astearen aurkezpena egin zuten, eta bide batez, aurten merezimendu saria jasoko duen pertsona jakinarazi zuten.

Carrerek adierazi zuenez, “pozten gara herri kirolen mundutik datozen halako pertsonek ere herri baten omena jasotzea. Baserriko lan jardueratan oinarri duten herri kirolek gure-gureak dira eta sustatzea egokitzen zaigu”.

Albeniz kirolari ez ezik kirol sustatzaile gisa ere nabarmendu zuen Carrerek: ”herri honetan bada jende ugari ikaragarrizko lana egiten duena kirol jarduera sustatzeko. Hor geratzen dira anonimatuan, nahiz eta ondo jakin horiei esker ez balitz atzetik datozen gazteen belaunaldiek ezingo luketela kirolik egin. Saritu beharra dago pertsona horiek egiten duten lan eskerga, eta gainera saiatu eredu bihurtzen gazteen begietara”.

 Iruntxiberri ez ezik, beste bost izen proposatu dira aurten kirol merezimendu saria jasotzeko. Hona zeintzuk: Carlos Letamendi, Leitzaur zikloturista elkarteko kidea; Mikel Rodriguez, Zumeatarra elkarteko korrikalaria; Jose Antonio Frias muskulazio arloko kidea; Juanjo Rodriguez, Allurralde kiroldegiko gimnasioan laguntzaile altruista; eta, Pello Manterola txirrindularia.

 

Herri kirolak, bereziki

Herri kirolek hartuko dute protagonismoa aurtengo Kirol Astean. Horren adierazle da astea iragartzen duen kartela: segan maiz Euskal Herriko txapela irabazi duen Maria Luisa Gabirondoren irudia ageri da.

“Euskal Herriaren kulturan sustraituta dauden herri kirolak hautatu ditugu aurtengo edizioan. Hainbat modalitate nahiko ezagunak dira gure herrian, baina iruditzen zaigu behar baino gutxiago praktikatzen direla, eta beraz, eurak sustatzeko beharra ikusi dugu. laguntzeko asmoa dugu”.

 

Ekitaldi ugari, astean zehar

Ixiar Olanok azaldu zituen Kirol Astea osatuko duten ekitaldiei buruzko xehetasunak.

Kirol astea. Egitaraua:

Maiatzaren 29tik ekainaren 4ra bitarte luzatuko da Kirol Astea. Hona zeintzuk diren ekitaldiak, egunez egun:

- Maiatzaren 29a, astelehenarekin: Pilotari profesionalekin jolasean. Goikoplazan 17:00etatik aurrera, Gazteleku elkarteak antolatuta.

- Maiatzaren 30a, asteartearekin: Gipuzkoako kirol egokituen antolaketa eta hausnarketa. La Salle-Berrozpen 19:00etatik aurrera, Belkoain-Berri elkarteak antolatuta.

- Ekainaren 1ean. Kirol Merezimenduaren saria. Basteron, 19:00etatik aurrera.

- Ekainaren 2an, ostiralarekin: “Zer dakizu kirolaz?” sari banaketa. LH3, LH4, LH5 eta LH6ko ikasleei zuzendutako lehiaketa. Goikoplazan, 17:30etatik aurrera.

Ordu erdi beranduago eta leku berean “Eskubaloia kalean” ekimena.

- Ekainaren 3an, larunbatarekin: Gimnasia erritmikako erakustaldia. Oskarbi taldearekin. Allurralden, 10:00etatik aurrera.

Herri kirolak. Ikuskizuna herriko kirolariekin, haurrei frogatzeko aukera emanez. Goikoplazan, 18:00etatik aurrera.

-Ekainaren 4an, igandearekin: Andoaingo areto futboleko txapelketaren final aurrekoak. Allurralden, 11:00etatik aurrera.

Aste guztian zehar:

- “Zer dakizu  kirolaz?” lehiaketa ikastetxeetan.

- Golfa dohainik Goiburun.

- Erakusketa “Arrate 40-Allurralde 25” Allurralden.

 

Erakusketa

Andoaingo udalaren jabegoko bi kirol instalazioek urtemugak ospatzen dituzte aurten. Gogoan izan behar da Arrate pilotalekua 1977an San Juan egunarekin batera inauguratu zen; Allurralde kiroldegia, berriz, 1992ko ekainean. Andoaingo kirolaren arloan urte berezia da inondik ere 2017koa, eta hori dela eta, Kirol Patronatuak argazkiez eta bideoz hornitutako erakusketa prestatu du, bi instalazioen urtetako ibilbidea jorratzen dutenak. Allurralde kiroldegian jarriko da erakusketa, lehen taberna zen lekuan, eta Kirol Astearekin batera egongo da irekita.

 

Iruntxiberri, atleta eta apustu zale paregabea

Leon Albeniz Iruntxiberrik herri kirolen historian toki berezia egina daukan atleta bikaina izan da; hamarkadetan, modalitate ugarietan (lasterketa, sega, aizkora…) jardun zuen lehiaketetan zein apustuetan, ordurarteko markak hautsiz sarri. Egun, 80 urtetara iritsi den arren herri kirolei zuzenean lotuta jarraitzen du, kirolarien prestatzaile gisa.

[Argazkiak]

2004an Nere berriketa eta aitortza izenburuko liburua idatzi zuen, Auspoa bilduman. Kirolari gisa egindako ibilbidea, pasadizoak, jorratutako kirolak, horietan egindako apustuak… bildu zituen bertan. Kontu kontari bikaina dela eta herri kirolen munduari lotutako makina bat istorio kontatzeko moduan zela erakutsi zuen orduan.

Leon Albeniz Aian 1937an jaio zen, Iruntxiberri izeneko baserrian; hari hartu zion goitizena. Aspaldiko urtetan Andoainen bizi den kirolaria da. Baserriko zereginetan zaildu zen txiki-txikitatik eta handik sortu zitzaion herri kiroletarako gogoa eta arra. Horrez gain, anai zaharragoa korrikalaria zuen; mutil koskorra zela, apustu ugari nola irabazten zituen ikusi ahal izan zion.

Bera oso gaztetan hasi zen herri krosetan parte hartzen. Kontatu izan duenez, ez zuen entrenamendurik egin beharrik lasterketak irabazteko, aisa ibiltzen omen zen. Berehala proposatu izan zioten atletismoan federatzeko, baina aitak ez zion utzi; bide ofizial horretatik ez omen zuen karrerarik aterako. Apusturako grina eduki aitak! Hari kasu egin behar-eta, apustuen bidetik joan zuen Leonek, hortaz. Geroztik, orduko erabakiarekin pentsatzen hasita, damua azaldu izan du Iruntxiberrik beti. Izan ere, Estatu mailako lasterketen munduan urrunera iristeko aukera handiak zeuzkan-eta.

Kontua da apustuei heldu ziela. Egunez basoan lanean eginez eta gauen entrenatuz inork ez ikusteko, zenbat apustu jokatu hainbat irabazten hasi zen. Poliki-poliki, 50, 60 eta 70eko hamarkadetan inguruan izan ziren korrikalari onenen (Maiz, Irazu, Txikito Arruiz…) aurka aritu zen. Ez bakarrik korrika, baita segan eta aizkoran ere!

47-48 kilotan ibili izan zen beti, baina indarra eta hauspoa soberan eduki ohi zuen. Mariano Haro Palentziako korrikalari famatua koinatuaren arrebaren ezkondu eta hiru seme-alaba eduki zituzten. Harrezkero, entrenatzera maiz joan ohi zen harengana.

Mendian gora zen guztiz abila, eta oraintxe pena ederra hartzen du mendi lasterketak lehenago jarri ez izanagatik modan.

Konta ezin ahala desafioetan parte hartu ostean, azkenerako, kontrariorik gabe geratu zen. Baina ordurako, ziurrenik, herri kirolek eman duten apustularirik famatuena bihurtua zegoen.

Azken apustua 70 urte zituela jokatu zuen, Iker Gorritiren aurka aizkoran, Aian. Nolanahi ere, 2010ean Paskualsoro herri kirolariari Zizurkilen eskaini zitzaion omenaldian korrika aritu zen arin-arin. 73 urterekin erakutsi zuen oraindik ere ondo barhneratuta zeukala kirolerako grina eta osasuna!

Berak beti eduki izan du argi apustuak ezinbestekoa izan direla herri kirola mantentzen laguntzeko. Apustua bezainbat gazteen jarrera baloratu behar dela dio, hain zuzen: “Iraun-bizi dezake datozen gazteek nahi badute. Langaiak badaude, elkarrekiko seta ere pizten da. Baina gogor entrenatu behar da plazan irabazteko, eta ez dakit nik sakrifikatzeko dagoen gazte jendea…”.

[Hemeroteka: 2008ko elkarrizketa]

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!