Udal agintaldiaren balorazioa egin du Gobernu taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 25a, 02:00

EH Bilduk osatzen duen Gobernu taldeak bi urteotako agintaldiaren balorazioa egin du, Udaletxean deitu duen agerraldian. Ana Carrere alkateak bere adierazpenean egoera ekonomikoaren onbideratzea, obra berrien iragarpena, politika sozialen sakontasuna eta alderdi ezberdinen arteko lankidetza nabarmendu ditu.

Hartutako konpromisoak betetzen ari direla dio EH Bilduk, agintaldiaren erdialdera egin duen agerraldian. Egindakoari buruzko hausnarketa izan zen, gizarte eta azpiegitura mailako lorpenak nabarmenduz. Aurrera begira ipini ziren ere, herrigunean datozen hilabeteetan egingo dituzten hainbat obren berri emanez. Alderdi ezberdinekin garatutako lankidetzak ere positiboki baloratu zituzten.

Alor ezberdinetan hartutako konpromisoak betetzen ari direla erakusteko, Andoaingo Udal gobernu taldeak (EH Bildu) hainbat alorretan lorturikoa nabarmendu zuen:
• Ongizatea: “Andoaindarrak izan dira beti gure kezka eta gure lehentasuna. Gizarte babesean inbertsioa igotzen dihardugu urtez-urte”.
• Garapen Agentzia: “Prozedura norabide egokian doa. Lankidetza hitzarmena sinatuta, edozein eskualdek dituen eskumen berberak ditugu”.
• Berdintasuna: “Berdintasun batzordea lanean ari da. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko beharrezko egitura sortu dugu”.
• Ur azpiegitura sarea: “Egindako interbentzioak emaitza onak ematen ari dira, matxurei dagokionez eta baita ur galeraren murrizketari dagokionez ere”.
• Hondakinak: “Datuak hobetzeko lehen urratsak ematen ari gara, bilketa sistema berriaren ezarpenarekin”.
• Ekonomia: “Gastu korrontea nabarmen murriztu dugu, aurreko agintaldiko egoera ekonomiko kaskarrari aurre eginez”.

HERRITARREN PARTE HARTZEA
Udal agintaldi honetan parte hartze prozesu ezberdinak antolatu dituzte, erakundea eta herritarra elkar lotu behar direla sinestuta. Laster gainerako alderdiek “Partaidetza ordenantza” eta “Gardentasun ordenantza” jasoko dituztela iragarri zuten.
Eta uda osterako, “Andoain auzoz auzo” parte hartze prozesuaren edizio berria martxan jarriko dutela iragarri zuten. Irailaren 18tik 27ra Andoain barrena ibiliko dira informazioa banatzen eta auzotarren ekarpenak biltzen.

OBRAK
Agintaldian orain arte egindakoaz gain, etorkizunera begira jarri ziren. Hainbat eraberritze lan iragarri zituzten, ostegun honetako Udal batzarraldian onespenera eramango dituztenak: Kale Nagusiko ur hoditeriaren azpiegitura sarearen eraberritzea, Makaldegian merkatu azokan WC publikoa eraikitzea edota Udal artxiboaren kokapen berriarekin abiatzea. Horiez gain, Eskola kaleko semaforoaren ondoko matxura konpontzea, haur parkeak berritzea edota kanposantuko eraikinean konponketa lanekin abiatzea. 

Agerraldi berean Sorabillako saneamenduari ere ekingo diotela iragarri zuten. Azken obra hori Ur kontsortzioak finantzatzeko aukera asko daude, Foru Aldundiko dirulaguntza baten bidez egingo lukeena.

Bizikidetza eta alderdi ezberdinen arteko lankidetza

Gobernu taldeak, bi urteotan, egitasmo asko alderdi ezberdinen babesarekin atera ditu aurrera. Besteak beste, Udal aurrekontua. Ana Carrerek bere agerraldian elkarkidetza hori emankortzat jo zuen. Bi urteotako ibilbidea ”alderdi ezberdinen arteko ulermena eta harremanak hobetuz egin ahal izan da. Eta, nola ez, herritarrek foro ezberdinetan izan duten parte hartzeari esker”.
Bake eta bizikidetza mailan, Udal barruan alderdi guztien artean martxan jarri duten prozesua ere oso positiboki baloratu zuen: “Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoak utzi dizkigun ondorioen aurrean alderdien artean daramagun lana oso positiboki baloratzen dugu. Pentsaera eta jatorri ezberdina dugun alderdien artean izan dugun hartu-emana emankorra izaten ari da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!