Fanny Alonsoren kolekzioak moda pasarelatan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 23a, 02:00

Desfiletik desfilera dabil Andoaingo diseinatzailea azken boladan. Donostia Moda jaialdian erakutsi ahal izan ditu azkenekoz bere jantziak.

Elkarrizketa:

Nola joan zen Donostiako jaialdia?
Primeran! Lau egun bete-beteak izan ziren, modarekin loturiko ekitaldiez josita. Niri San Telmo museoan larunbatean egin zen desfilean parte hartzea egokitu zitzaidan, udaberri-udako sei soineko erakutsiz bertan. Biharamunean Londres hotelean egin zen merkatuan ere erruz ibili zen jendea zer ikusian; jende mordoska hurbildu zen nire postura interesa agertuz, eta hiru jantzi saldu nituen.
San Telmoko desfilean egoterik izan ez zuen jende askok hurrengo egunetan youtuben ikusi ahal izan zuen hangoa, eta mezu ugari jaso dut nire jantziak politak direla esanez eta zorionak emanez!

Glamourra izan al zuen Donostiakoak?
Egia esan, San Telmok badauka halako ukitu majikoa, eta leku horretara eramaten badugu ikuskizunaren eszenifikazio guztia (argi-jokoak, musika, aurkezlea, pantailak, modelo profesionalak, publikoa…), pentsa! Nolanahi ere, nik ezin izan nuen gehiegi gozatu, nahikoa baineukan aldagelatan nire sei jantziak eta horien modeloak gobernatzen. Hura da eromena! Ikustekoa da pasarelan gertatzen den guztia, baina ez da gutxiagokoa aldageletako zalaparta: modeloak korrika hara eta korrika hona, soinekoak janzten eta soinekoak eranzten, eta bien bitartean, laguntzaileak, ileapaintzaileak, makillatzaileak eta diseinatzaileak denak aztoratuta haien bueltan.
Azpimarratzekoa da ekitaldiaren makinaria guztia kontuz-kontuz antolatzen duten pertsonen lana. Horien artean, Pili Jimenez Andoaingo jostuna.

Zer publiko mota ibili da egun horietan Donostian?
Denetarik. Beharbada aurreiritziren bat edo beste ezabatu beharko genuke, eta onartu moda mundu hau edonori egiten zaiola erakargarri. Larunbateko eta igandeko ekitaldietara hurbildu zen jendea ikusi besterik ez dago; jende chic edo dotorea, zineko aktoreak eta kaletarrak, denak ere modurik naturalenean nahastuta. Izatekotan ere, Balentziaga museoan ostegunean egin zen jaialdia bereizi beharko litzateke gainerakotik. Gaueko luxuzko soinekoak izan ziren nagusi, eta gonbidatuta joan ginen lagunaren eta bion galtza bakeroek desafinatu egiten zuten han.   
Zer egin behar da norberak egindako diseinuak desfile batean erakusteko?
Nik ez dut zerikusirik mundu horrekin, baina kikiltzen ez den horietakoa naiz eta batekin eta besteekin hitz eginez sartu ahal izan dut muturra desfileen dinamikan, Gasteizen, Iruñean, Donostian... Dena esatera, Donostiako modelo agentzia batekin harremana zuen pertsona bat ezagutzen dut, eta hark ireki zizkidan lehenbiziko ateak.

Artisau azokatan zure lanak ikusi izan ditugu, baina jantzien diseinuarekiko zaletasuna nondik datorkizu?
Eskulanetan beti izan dut sormenerako joera. Marrazki bizidunen industrian lan egin nuen bolada batean. Panpinak eta burura datozkidan era guztietako bitxiak ere egiten ditut, eta gero artisauen azokan erakusten ditut.
Gaztetan bukatu gabe utzi nituen diseinu-ikasketak, eta geroxeago soinekogintzako ikasketei heldu nien akademia batean. Hortik jo izan dut beti, denbora eduki dudanean behintzat, eta nire bizitzan, oraintxe atera zait nire sormena jendaurrean agertzeko aukera.

Maiz entzuten da honako esarea: Jende xeheak jantziko ez dituen soinekoak erakusten direla pasaralatan...
Neurriari dagokionez, diseinatzaileoi S taila daukaten modeloak jartzen dizkigute pasarelatarako; gure diseinuak arau horretara makurtu behar dira, hortaz. Nolanahi ere, nik argi daukat neurri guztietako jendearentzat eta prezioz egokiak diren jantziak diseinatu behar ditudala.
Soineko baten estilo eta koloreei dagokionez, berriz, orain arte nik bilduma bat pasarelatarako diseinatu dut eta beste bat komertzializatzeko.

Dagoeneko zure estiloa zein den azaltzeko moduan al zaude?
Kolore pastelak ditut gogoko, beti sartzen dut beltza. Gorriak ere zoratu egiten nau; izan ere, tarteka, arima punkya azaleratzen zait, eta orduan aspaldi-aspaldian eramaten ziren galtza scott gorri koadrodunak hartzen ditut inspiraziorako.
Ehun naturalekin egiten dut lan, lihoarekin batez ere. Lerro zuzenak nahi izaten ditut. Neuk egiten dut prozesua guzti-guztia, bozetoaren marrazketarekin hasi eta ehuna erosi eta eskuz josteraino.   
Bestalde, nahiago dut diseinu bakoitzetik bizpahiru kopia egin, ez gehiago; ez nuke nahi bezeroak berdin jantzita ibil daitezen kalean.
Desfileen munduari maiz leporatu izan zaio gorputzez argalegiak diren modeloak nabarmentzea…
Gero eta gehiago zaintzen da arlo hori. Dena den kontuan izan behar da modelo asko 16-17 urteko neska gaztetxoak direla; gorputzez oraindik ez dira iritsi heldutasunera, nahiz eta egundoko altuera -1´80tik gora- eduki ia denek. 40 edo 50 urte dituzten emakumeak ere ikusten dira pasarelatan, baina horiek gorputz lirainekoak izaten dira berez. Norberaren metabolismoak zerikusi handia izaten du hor.

Nola edo zertan inspiratzen zara diseinatzen hasteko orduan?
Bloka edo papertxoak eramaten ditut beti soinean, espero ez dudan uneetan iristen zaizkidalako ideiak, zirraragarriak izan daitezkeenak; mesanotxean ere prest dauzkat papertxoak, zer gerta ere gaueko loan. Etxean, papertxoak sakabanatuta edukitzen ditut han hemen, eta halako batean biltzen ditut denak.

Etorkizunera begira hain zaila dirudien modaren merkatuan sartuta ikusten al duzu zeure burua?
Zaila dago, oso zaila. Iruditzen zait azkarregi eman ditudala pausoak mundu horretan. Baina errealista izanda, badakit nekez irits naitekeela diseinatzaile profesional baten parera, hortik bizimodua ateratzeko moduan. Sare sozialetan matraka eman behar izaten da, eta ni ez naiz batere iaioa hari horiek mugitzen. Gaur egun marka bat promozionatzeko, hoberena modan jarri diren blogari emakumeengana jotzea da. Jarraitzaile andana daukate, eta jantzi bat oparitzen badiezu, hura jantzita agertuko dira facebook eta Instagramen.
Nik argi daukat maite dudan zaletasun honekin gozatzen segi behar dudala, eta horrez gain, nire diseinuak jendartean zabaldu egin behar ditudala. Alde horretatik, saiatuko naiz nire soinekoak Andoaingo eta Donostiako dendetan erakusgai eta salgai jartzen.   

Artisauen erakusketak antolatu izan dituzu Andoainen. Moda desfileren batekin ausartuko al zinateke?
Polita izango litzateke herriko diseinatzaileek eta Andoaingo arropa-dendariek euren jantziak prestatuko balituzte, eta herriko jendeak horiek jantzi eta desfilatzeko aukera edukiko balu. Baina erakunde eta pertsona askoren kolaborazioa beharko litzateke halako ekitaldi bat antolatzeko, eta ez dago erraza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!