Elena Laka Tokikomeko lehendakariak gidatutako saioan.
Tradizioz Goierrin kokatu izan da Irizar enpresa, baina orain lantegiaren planta berri bat martxan jarri dute Adunan. Bailarako enpresa faktore bilaka daiteke aurrerantzean. Lantegi berria Adunan eraikitzeko arrazoiak zehaztu zituen Gorka Herranzek Tolosako bere hizketaldiaren hasieran. “Bailara honetan ere erreferentzia izaten saiatuko gara, Goierrin garenez gero. Orain bederatzi urte, Irizar urtez urte bere salmentak igotzen ari zen eta inoizko eskaerarik handiena iritsi zen Sardinia uhartetik”. Egunean sei lerro autobus egiten zituzten Irizarren eta zazpigarren lerroa betetzen hasitakoan, euren eraikina eta eskaintza zabalduz, bide berriak urratzea erabaki zuten. “Non koka gintezkeen begira hasi ginen eta argi genuen Gipuzkoan nahi genuela. Baina 2009an salmentek beheraldia izan zuten: Espainia behera, Europa behera, Brasil behera…, ia erdira jaitsi ziren salmentak eta proiektu hura baztertu beharra izan genuen”. 2012. urtean, autobus elektrikoa zela eta, berriz ere egoera aztertzen hasi ziren, zein aukera zituzten eta izango zituzten apustu horrekin aurrera egiteko. “Kokapena baloratu genuen gehien eta izugarri ona topatu genuen Adunan, Gipuzkoan ez baitago azalera lau gehiegirik eraikin handi bat kokatzeko. 2014. urtearen erdialdean erabaki genuen eraikina Adunan kokatzea eta martxoaren 20an hasi berri gara lanean. Gure misioetako bat, Gipuzkoan eta Tolosaldean enplegua sortzea da”.
Sektoreetara zabalkundea
Irizarren historia luzea da eta Gorka Herranzek, azken 20 urte pasatxoak ezagutu ditu taldearen baitan, lehen pertsonan. “1993tik aurrera oparotasuneko urteak izan ziren, baina 2009 urtean aldaketa egin beharreko garaia iritsi zen. Garaiak aldatzen joaten dira eta momentu horretan gure konpetentzia asko desagertzen hasi zen arrazoi ezberdinengatik. Momentu hura, potentziala zuten beste sektore batzuetan sartzeko aproposa zela pentsatu genuen eta 2009 urte bukaeran energia arloan sartu ginen lehenengo aldiz, Jema enpresarekin, Lasarten. Gero komunikazio edota motorra lantzen hasi ginen beste enpresa batzuekin batera. Eta noski, sektore ezberdinekin elkarlanean jarraitzen dugu oraindik ere, ez da bidea bukatu”. Enpresa munduan etapek agintzen dutela uste du Gorka Herranzek eta etapa bakoitzean, dagokion beharrak aztertu behar direla. “Modu horretan etorri zen, era berean, elektromugikortasunean sartzea. Mundua oso zabala da eta hor ere, dibertsifikazio arloan aukera berriak sortuko dira”.
Teknologia eta berrikuntza tartekatu dituzte euren ibilbidean Irizarren, besteak beste, aberastasuna edota enplegua sortu ahal izateko. “Enplegua oso garrantzitsua da guretzat. Krisiaren aurretik Euskadi mailan Irizar lantaldeak 700 langile zituen gutxi gora-behera eta orain 1200 inguru. Hazkundea garrantzitsua da; ez bakarrik enpresa berriak sortu direlako, baita aurrera begirako pausoak ematen ari garelako ere”.
Egituretatik osotasunera
Elkarlana beharrezko osagaia da Irizarren. Euren dibertsifikazioaren arrazoietako bat hornitzaileekin sinergiak aurkitu eta teknologiarekin bat egitea izan zen. “Egiturak egitetik autobus osoak egitera pasatu zen Irizar, teknologia osoagoarekin. Autobus elektrikoa nire ametsa izan da. Autobusen karrozeria ez ezik, dena egitea lortu da Irizarren: motorrak, elektronika, ateak, aire egokitua… %100 Irizar taldeko autobusak dira. Irizarkoak izatea ez ezik, Gipuzkoako sare teknologikoarekin edota hornitzaileekin produktua osorik ateratzea eta erreferente izatea lortu dugu. Gure taldean ehundaka ingeniari ari dira lanean eta horiek Creatio gure zentro teknologikoan biltzen dira, beharrak ikusi eta erantzunak emateko”, azaldu zuen.
Proiektu handiek, bukatuek, hirigunean beharrean herrigunean irtenbiderik ba ote duten galdetu zioten Irizarko ordezkariari hizketaldiaren amaieran eta Gorka Herranzek baiezkoa erantzun zuen. “Hiriak ere gunetan bereiz daitezke eta hiria handia edo txikia izan, autobus lerro gehiago edo gutxiago izango ditu. Donostia, esaterako, hiri txiki bat da, baina lortu beharrekoa, behar denari erantzuna ematea da, azpiegitura aldetik dena emanez. Orain arte autobus gehienak berdinak ziren, baina hori ere aldatzen ari da egun. Leku bakoitzean behar ezberdinak daude eta hirietan beste ibilgailu industrial batzuk ere eskatzen ari dira. Guztiari eman behar zaio erantzuna eta gu, bezeroen behar eta nahietara egokitzen ahaleginduko gara”.
EKONOMIA GUREAN
Globalizazioaren eta komunikazioaren aroan, normalean goi mailako ekonomiari lotutako gaiek betetzen dituzte komunikabideak. Tokikomek egunerokoan eragiten duen ekonomia hurbilagoari erreparatu nahi izan dio egitasmo berritzailearekin: “Inguratzen gaituen ekonomia gertutik ezagutu eta etorkizuneko desafioei begira jarri nahi dugu. Gure bailara eta lurraldearen ezaugarrien kontzientzia hartu, herritarrei dagokien protagonismoa emateko”, diote antolatzaileek.