EH Bilduren prozesu eratzailea, foro irekia eta afaria ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 22a, 02:00

Euskal Herria Bildu koalizioa barne prozesu eratzailean murgildu da hilabete hauetan eta prozesu hori ekainaren 17an izango den Kongresuarekin amaituko da:

Amasa-Villabonako EH Bilduk prozesu honen helburua, EH Bildu irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa eraikitzea dela jakinarazi du, “lau alderdi politikoen (Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba) koalizio soil izatetik, izaera propioa duen erakunde politiko berria sortuz. Horretarako, alderdietako kide ez izan arren, EH Bildurekin bat egiten duten pertsonen parte hartze aktiboa sustatuko da, independentista-subiranista eta ezkertiarrak diren pertsona guztiei lekua eginez. Zentzu horretan, barne demokrazia ariketa eredugarri bat egingo du EH Bilduk, etorkizuneko karguak eta arduradunak barne hauteskunde demokratikoen bidez aukeratuko direlarik.

Edonork parte hartu ahal izango du prozesu eratzaile honetan, eskatzen den konpromiso bakarra kongresua.ehbildu.eus webgunean izena ematea delarik”.

Prozesu honen baitan, Amasa Villabonako EH Bilduk hainbat ekimen antolatu ditu datozen egunetarako:

-EH Bilduren prozesu eratzailearen AURKEZPEN FORO IREKIA: Maiatzaren 26an, ostirala, 19:00etan Villabonako Kultur Etxean
Larraitz Ugarte eta Haritz Perez EH Bilduko kideek prozesu eratzailearen nondik norakoak azalduko dituzte. Prozesu honek izango duen ‘Eztabaidarako Dokumentua’ eta ‘Prozesu eratzailerako Araudi’ dokumentuetan jasota dauden edukiak bertaratutakoekin konpartituko dituzte. Dokumentu hauek jasotzen duten EH Bilduren egituraketa berria, ardura postuetarako hautagai izateko prozedurak, hautagaiak abalatzeko moduak, prozesuaren egutegia etab. izango dira hizpide. Ordubete iraungo du aurkezpen saioak.

-Amasa Villabonako EH Bilduren HERRI-AFARIA: Maiatzaren 26an 21:00ean Villabonako Irrintzi elkartean
Herri-afari honen helburua EH Bildurekin bat egiten duten herritarrak bildu, eta giro atseginean elkarrekin egotea, hitz egitea, eztabaidatzea eta azken finean ondo pasatzea da. Afari honetarako izena emateko, WhatsApp mezua bidali edo 688 729 069 telefono zenbakira deitu behar da. Edo Iratzar tabernan egongo den zerrendan apuntatu. Prezioa: 15 euro eta langabe edo ikasleek 10 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!