Muskerraren eguna Asteasuko iturriaren bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 22a, 02:00

Larunbatean Muskerraren eguna antolatu zuten Asteasun eta hainbat ekintzez gozatzeko aukera izan zen bertan. Lehen aldiz, iturriaren bueltako apustua antolatu zuten asteasuarrek eta parte hartze eta giro paregabea sortu zen bertan. 

[Argazkiak] [Bideoa]

 

13:00etan hasi ziren apustuarekin baina lehenago trikitilari eta panderojoleek alaitu zuten iturriaren buelta. Apustuan 7 bikotek hartu zuten parte eta iturriari 20 buelta denbora gutxienean nork emango lehian aritu ziren. Bikotekide bakoitzak hamar buelta eman behar zizkion iturriari bat iturriaren kontra korrika zihoalarik eta bestea metro batera. Estrategiei dagokienez gainera badira noranzko berean eta baita kontrako noranzkoan korri egin zuten bikoteak ere.  

Esan bezala, 7 bikotek hartu zuten parte lehian eta horietatik 4 pasa ziren finalera. Mattin Sarasola eta Aitor Irazu izan ziren irabazleak bien arteko denboraren baturak 76´93” ematen zuelarik, bigarren Xabi Irazu eta Tomax Iraola 78´44” segundorekin eta hirugarren Olatz Korres eta Jon Ander Artaza 79´40” ko denborarekin. Parte hartzaileen artean, trikitilari eta panderojole bat ere animatu ziren ikusleen txalo artean apustuari giro paregabea jarriz.

Eguraldia ere lagun izan zen Muskerraren egunean eta jende dezente animatu zen iturriaren bueltan apustuko partaideak animatzera. Aipatu bezala, apustuaren aurretik gainera trikitilari eta panderojoleek alaituta dantzan aritu zirenak ere badira eta korrikalariak txalo eta animoen artean lagundu zituzten ikusleak. Lehen aldia zen Iturriaren bueltako apustua Asteasun egiten zena, baina datorren urtean ohiturari eusteko intentzioarekin datoz asteasuarrak. Gainera, eskerrak eman zizkieten bertan parte hartu zuten 7 bikoteei eta baita bertara gerturatu zirenei ere.

Goiz aldean gainera Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua oinarri harturik Muskerraren ibilbidea egiteko aukera izan zen Elizmendin. Bernardo Atxaga berak gidatu zuen paseoa eta  askorentzat, idazlearen hitz zein gogoetak entzuteko parada polita izan zen. Inguruko herrietako jendea gerturatu zen ibilbidera eta goiz pasa politaz gozatzeko aukera izan zuten Bernardoren konpainian.

Arratsaldean, Ez dok hiru antzezlana ikusteko aukera ere izan zuten Usarrabi frontoira gerturatu zirenek eta hori horrela, egun biribila izan zuten larunbatean Asteasun.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!