San Juan jaietan pregoia irakurtzeko hautagaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 22a, 02:00

Herritarrek inoiz baino proposamen gehiago luzatu dituzte aurtengo San Juan jaiei hasiera emateko. Andoaingo hemeretzi elkarte, ikastetxe edo pertsona proposatu dira aurten, pregoia irakurtzeko. Jai Batzordea osatzen duten taldeei dagokie hautagaietako bat hautatzea, bozka bidez. Hona jasotako proposamenak: 


• Udal musika eskolako banda. “Bandaren 20 urteurrenean herriaren alde, musikaren alde eta herriaren izena lau haizetara zabaldu dutelako. Herriaren omenaldia merezi dute, Sanjuanetan eta urtean zehar egiten duten lanagatik”.
• Jon Gaztañaga. Errealeko lehen mailako taldean jokalari izatea lortu duelako. 
• Rikardo Arregi kultur taldea. “Beraiek eragin zutelako gaur egungo festaren antolaketa nagusia: sua plaza erdian jarri, dantza bere inguruan, kanapiak, txalaparta…”.
• Mari Karmen Zuaznabar eta Pello Uranga. “Ekainaren 23an San Juan suaren piztueran, txalaparta jotzen dute urtez urte. Famili artean jarraipena eman diote ohitura horri eta tradizionala den instrumentuari, txalaparta, bere protagonismoa ematen diote egun berezi horretan.”
• Urki dantza taldea. Andoaingo jaietan zein bestelako ekitaldietan parte hartzeaz gain, Euskal Herriko folklorea zabaltzen lan handia egiten ari delako”.
• Alberto Agirre abesbatza. “Urte asko daramatza herrian lanean eta Sanjuanetan, urtero, hutsik egin gabe, suaren inguruan, bere ahotsak jarri izan dituzte San Juan zortzikoa kantatuz eta azken urteotan Andoaingo ereserkia ere. Nahiz eta orain talde handia ikusi oholtzaren gainean, partaidetza txikiagoa zenean, beraiek han egon izan dira beti”.
• Manuel Larramendi Kultur Taldea. “Aurten 25 urte betetzen dituen talde honek euskararen normalkuntzaren alde egin duen lanarengatik”.
• Joxe Mari Oiartzabal Beloki. Andoaindar musikari eta konpositore, 20 urteko lana hiru grabaketetan jasota dauzkanak. Andoaingo banda eta abesbatza errepublikanoan zuzendari dena”.
• Joxema Setien. Txistulari eta Urki dantza taldean egindako lanagatik”.
• Leon Albeniz Iruntxiberri. “Baserriko morroi, ileapaintzaile, zurgin, tabernari, liburu banatzaile, aizkolari, segalari, korrikalari, kirolen erakusle… Herri kirolek izan duten apustularirik famatuena da. Bere oroitzapenak idatzita utzita ditu euskara jatorreko liburu batean. Herri kiroletan ofizioa erakutsi duen maisu bat dela ere esan daiteke. Andoaingo Sanjuanetako Herri Kirolak antolatzeko garaian ere kontuan izaten den pertsona”.
• Gure Esku Dago plataforma. “Behar-beharrezkoa delako egiten ari diren lanagatik eta gainera oihartzun pixka bat eman behar zaielako”.
• Leitzaran institutuko ikasle, irakasle eta guraso taldea. “25 urte betetzen ditu aurten eta urte hauetan zehar eskola publikoaren erreferente bakarra izan delako. Eta epealdi labur honetan izandako gorabeheretan bere eskaintza zabaldu eta sendotzen joateko gaitasuna izan duelako”.
• Maria Soriano. “Kirolari eman dion laguntzagatik”.
• Los Rubi. “Santakrutzetan hain momentu onak pasa arazi zizkigutelako”.
• SEGA San Estebango gazte asanblada. “Beraien auzo eta orkorrean herriarentzat egiten duten lanarengatik”.
• Maria Luisa Etxeberria. “Urte askotan Euskalduna mendigoizale taldean lanean aritu da, baina beti itzalean”.
• Manex Mendizabal. “Andoain herriarengatik asko egin du, konpromiso ikaragarria dauka eta bere bizitzako ametsa da”.
• Joxe Ramon Berrondo. “Oso tronpetalari ona delako”.  
• Auzoetako Jai batzordeak. “Urtero Andoaingo auzoei bizipoza emateagatik”.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!