Andoaingo eskolaren ez ohiko bizikleta irteera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 20a, 02:00

WNT nazioarteko enpresak bilkura berezia egin zuen aurreko asteburuan, Buruntzaldean elkartuz estatu mailan dituen lankide eta bidelagunak. Larunbat goizean, bizikleta irteera antolatu zuten. WNT multinazionalak, Andoaingo Mendi enpresak eta Andoaingo Txirrindulari Eskolak elkarlanean antolatu zuten enpresa mundua, mekanizazioa eta txirrindularitza batzeko helburuarekin. 

Bi taldetan banatuta, Andoaindik abiatu eta Lasarte-Oriatik barrena Zarautzera joan ziren. Getariatik Garate igo eta Zumaiara iritsita, berriro Zarautzera atzera egin zuten Aiatik barrena Andoaingo Goikoplazara iristeko. Joseba Areizagak azaldu zuenez, ia 90 kilometroko irteera izan zen eta, eguraldi ona izan zutenez, gustura ibili ziren.

“Oso dibertigarria izan da; ibilbidea ez da oso gogorra izan eta ikuspegi ederrak izan ditugu. Oso giro onean joan gara eta asko gozatu dut”, aitortu zuen Javier Fernandez kataluniarrak. Parte hartzaileek, gainera, antolatzaileek egindako lana txalotu nahi izan zuten. “Oso ondo antolatuta egon da guztia”, nabarmendu zuen Swen Hamanm alemaniarrak. “Lehenengo aldiz hartu dut errepideko bizikleta, baina zirraragarria izan da esperientzia”. Carmelo Gomezek, Europako Duatloi txapelketako irabazleak, antolaketa paregabea eta ibilbide zoragarria izan zela azpimarratu zuen. 

WNTko txirrindulariekin batera
WNT enpresak profesional mailako emakumeen taldea babesten du. Horiek ere bat egin zuten larunbat goizeko irteeran. Hala, ibilbide osoan zehar lagun izan zituzten Elise Maes (Luxenburgo, 1992), Anna Badeguber (Austria 1997) eta Natalie Grinczer gazteak (England, 1993), besteak beste. Hirurak oso gustura iritsi ziren Andoainera eta ikusitako paisaiak nabarmendu zituzten. “Itsaso ondoan ibili gara!”, adierazi zuen zirraraz Elisek. Anna eta Natalie ere “pozik” zeuden helmugan: “Oso ibilbide polita egin dugu WNTko bezero guztiekin batera. Gehien gustatu zaiguna itsasertzeko errepidetik joatea izan da. Ez gara sekula horrelako parajeetan ibili”. 
Emakumezko txirrindulariak maiatzaren 22ra arte egongo dira Euskal Herrian. Batetik, Durango-Durango lasterketan parte hartuko dute eta, bestetik, Emakumeen Biran. Azken hori oso gustuko dutela adierazi dute. Lasterketa Iurretatik hasi eta Errenterian amaituko da, datorren hilaren 21ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!