Aurrekontu irekiak aurkeztu zituen Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 20a, 02:00

Urnietatik abiatu eta gero, partaidetzaren aldeko kanpainak Andoaingo Goikoplazan geldialdia egin zuen joan zen astelehenean. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak poza agertu zuen Andoainen jasotako erantzunarekin:

 “Herritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzun nahi ditugu. Aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen Aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan, jendea parte hartzera animatuz”.

Egonaldia baliatu zuen Caritas, Gurutze Gorria, Alkoholiko Anonimoak edo Zuena emakumeen elkartearekin batzartzeko: “Elkarte ehuna osatzen dutenengandik gertu egon nahi dugu. Ondo ezagutzen dute errealitatea eta balio handiko lana egiten dute. Lan hori erraztu, eta aurrekontuak aberastu nahi ditugu haien eskarmentuarekin”. 

Karpara joateko aukerarik eduki ez zuten andoaindar guztiek euren proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz edota internet bidez parte hartuz gipuzkoa-.eus/partaidetza webgunean, ‘Aurrekontu irekiak’ atalean.

Galdera bikoitza da: Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko lukeen adieraztea. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!