Kantaldia Urnietan, Musika zuzenean egitasmoaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 20a, 02:00

Musikazuzenean.com webgunea aski ezaguna da euskal musikazaleen artean. Haren egitasmoaren arima Koldo Otamendi andoaindarra da. Urtean behin webguneari loturiko emanaldi akustikoa antolatu ohi dute, eta aurtengoa igande honetan izango da Urnietako Saroben. Hamabi kantari agertoki gainera igoko dira, batzuk aski ezagunak eta beste batzuk lehen urratsak ematen ari direnak.

 

Jarraian antolatzaileek musikari bakoitzaren inguruan egin duen aurkezpena. Jaialdira hurbiltzekoa denarentzat gida modukoa da.

Mice
Miren Narbaiza ez da hasiberri bat gure musika eszenan, baina Mice bai. Napoka Iria bikoan eman zituen lehen urratsak, gerora musika egitasmo ezberdinetan aritzeko. Mice da bere proiekturik pertsonalena, bere-berea. Kantuak zerotik sortzen ditu, pedalera, loop eta efektu ezberdinen bidez.

Olatz Salvador
Skakeitan taldeko teklatu-jolea da Olatz Salvador. Bere taldean jorratzen dituen ska-rock eta mestizai giro festazaleak alde batera utzi, eta folk giroko kantuak eskainiko ditu, ahots goxoz.

Etxe
2004an hasi zen bakarlari bezala kontzertu akustikoak ematen Etxe. Azken urteak lozorroan eman ditu. Orain, indarberrituta itzuli da agertokietara, "Bizi" diskoa besapean.

Pelax
Unai Pelayo donostiarra da Pelax. 2013ko azaroan hasi zen lehen bakarkako emanaldiak eskaintzen, bere ahots gordin eta gitarra elektriko zikin batez baliaturik. 
Kantautorea bada ere, rock arima da berea, eta kantuetan nabari dira bere eragin gitarzaleak.

Nahia Zubeldia
Nahia Zubeldia ziburutarra zenbait musika-estilotan ibilia da. Egun, Unama (folk) eta Lumi (elektro pop) taldeetan jotzen du. Bakarlari gisa ere jotzen du noizean behin, gitarra elektrikoaren eta efektu-pedalen laguntzaz. Benetako luxu bat gurean izatea.

Iker Lauroba
Ibilbide luzeko musikaria da Iker Lauroba. Talde ezberdinetan aritzen da egun (Lauroba, Izaro, Charlie & The Colours...) baina denbora hartzen du bere kantuak sortu eta taularatzeko.
Bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du "Nire gotorlekutik" izenpean.

Lear
Urnietako hiru neska gaztek osatzen dute Lear banda. Emanaldi gutxi eskaini dituzten arren, zer esana eman dute jada. Zuzenekoetan kantu ezagunen bertsioak jotzen dituzte nagusiki. Musikazuzenean jaialdi akustiko honetan, ordea, hirukoak berak sortutako bi kantu eskainiko dituzte.

Tristtan Mourguy
Tristtan Mourguy Donibane Lohizune (Lapurdi) herriko musikari bakarlaria da. Euskarazko kantu egilea da, olerkiak edota bertsoak gitarraren laguntzaz abesten ditu. Folka, popa eta rocka uztartzen dite bere kantuetan. Urte hauetan guztietan bi disko kaleratu ditu.

Inun
Mikel Inunziaga da Inun. Zornotza (Bizkaia) herrian jaiotako musikariak bi disko kaleratu ditu, azkena, 2016 urteko "Da Nola" lana. Bertan, euskal poeten hitzak erabili ditu kantuak osatzeko, hala nola, Bernardo Atxaga, Jon Mirande eta Itxaro Bordaren olerkiak.

Nire
Iban Zabalegi ezkutatzen da Nire izenaren atzean. Lisabo talde oldarkorreko bateria-jozailea izan zen bere garaian, eta egun, bestelako doinuetan sakontzen du gitarra akustikoa lagun, folk eta country giroetan sakonduz. BideHuts zigilupean disko bat kaleratu zuen 2015 urtean.

Libe
Bere musika bidea talde ezberdinetan burutu du Libek. Neubat, Sorkun edota Izaki Gardenak taldeko kide izan da (eta da) urteak atzera. Libe izenpean disko bat kaleratu zuen 2014 urtean, banda bat izan zuelarik alboan. Emanaldi honetan bakarka ariko da, ordea, pianoa lagun bakar.

Maria Rivero 
Maria Rivero musika proiektu ezberdinetan murgilduta dabil azken urte hauetan guztietan. Hutsa edota Siroka egitasmoak martxan ditu egun, eta bakarkako bidean ere badabil bere izenpean. Urnietako emanaldian bakarka ariko da, gitarra akustikoa lagun duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!