Arteca enpresaren 60. urteurrena ospatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 19a, 02:00

Gaur eguerdian, Amasa-Villabonako Arteca Caucho-Metal S.A. enpresak 60. urteurrena ospatu du. Artecako arduradunek, bezeroek eta beste hainbat enpresatako nahiz erakundetako ordezkariek hartu dute parte urteurren ekitaldian. Ondoren, lantegian barrena bisitaldia egin dute, haien produktuak nahiz lan egiteko modua ezagutuz, Alfredo Sanz enpresako zuzendariak lagunduta:

Argazkiak

Kautxoa eta metala oinarrian hartuta, ibilgailu eta trenentzako bibrazioen kontrako irtenbideak lantzen ditu Arteca lantegiak. 1957 urtean sortu zen Lasarten eta Adunara igaro zen gerora. 1993az geroztik Amasa-Villabonako Legarreta auzoan du eraikina eta 140 langilek egiten du lan bertan. Enpresa indarrean da eta handitzen ari da, bi pabilioi berri ere abian direlarik.

Eguerdiko ekitaldian, Artecako zuzendari nagusi Alfredo Sanzek hartu du hitza lehenik eta euren bilakaeraren giltza "ilusioa" dela nabarmendu du, "aurrera egiteko gogoa". Eskerrak eman dizkie gerturatutako guztiei, ez baitzuen espero hainbesteko erantzuna izango zuenik euren deialdiak eta horrek ere bide onean doazela erakusten duela azpimarratu du.

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak, herriak industriarekiko izan duen lotura estua aipatu du, "Sacem lantegia edo haren aurretik, Subijana oihal eta estanpatuena nahiz La Salvadora papertegia. Horiek guztiak herriaren sustengua izan dira eta Arteca enpresa ere lorpen handiak eskuratzen ari da. Dudarik gabe herriko enpresa eta lantegiak bultzatu egin behar dira eta Amasa-Villabonako Udalak, etorkizunean ere Arteca enpresak bide onetik jarrai dezan, laguntza ematen jarraituko du", iragarri du. Ekitaldian Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olano bertan zegoenez, aukera probestu nahi izan du Arteca enpresara joateko igaro beharreko 'Sacemgo zubia' deituriko bide zatia zaharkituta dagoela eta zubi hori berritzeko garaia iritsi dela esanaz, Foru Aldundiari laguntza eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzako industria kontseilariorde Jabier Zarraonaindiak, bere aldetik, Arteca enpresako kideak zoriondu ditu, "ez baita erraza 60 urtez enpresa bizirik mantentzea". Bere ustez, besteak beste, Alfredo Sanzek aipatutako "ilusioa" behar-beharrezkoa eta nahitaezkoa da bide horretan aurrera egiteko.

Azkenik, Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok hartu du hitza eta zoriondu egin ditu Artecako ordezkariak, urte hauetan guztietan eginiko bideagatik. Antzeko ekitaldiak askotan ponposoak izaten diren arren, arduraz jokatzen ere jakin egin behar dela adierazi du. Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateari erantzunez, "gure enpresak bultzatzeko eta haietara iristeko bitartekoak ere jarri egin behar dira eta, bideak egoera onean edukitzeko ardura Foru Aldundiarena denez, beste hainbat lekutan egin dugun bezala, Amasa-Villabonako Sacemgo zubiak berritzea eskatzen badu, gure laguntza eskainiko dugu", azaldu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!