Erdi Arora itzuliko da Zizurkil, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 19a, 02:00

Lanbideak, jolasak, kirola, otorduak, jantziak…, herritarrek auzolanean prestatutako ‘Herriola’ jaia iristear da.

Goizeko 11:00ak aldera hasiko da ‘Herriola’ jai handia. Joxe Arregi plazak itxura berria izango du egun osoan zehar. Erdi Aroan girotuta egongo da plaza, eta garai hartako lanbideak irudikatzeko postuak jarriko dituzte plaza guztian barrena. Bertan izango dira Pagamuñoko xesteroa, Azken Portuko okendugileak, Garaditxoko tresnagilea, Beldarraingo odolkigileak, Pagasuseko zapataria, Saratxoetako iskribauak, Loidierrotako okinak, Adunibarko zurgina, Arripitxiko hargina, Andrezketako perratzailea, Uliazpiko lorategiko kideak eta Ugarteberriko barazki ekoizleak. Nola ez, Atxulondoko burdinola ere irudikatuko dute larunbateko festan. Izan ere, horixe izan baita Erdi Aroko jaia antolatzen hasteko aitzakia eman duena; Zizurkilgo sailetan kokatuta dagoen Atxulondoko burdinola.
Gipuzkoan eraikitako lehen burdinolen artean dago Atxulondo, paraje ikusgarrian kokatuta gainera. Hori horrela izanda ere, zizurkildar gutxik ezagutzen du. Aurtengo Maiatza Saltsan burdinolaren inguruan antolatzea erabaki zuten eta hortik sortu zen Erdi Aroko jaia egiteko ideia.
Auzolanean, herritarren artean antolatutako jaialdia izango da larunbatekoa. Horregatik, herritarrak izango dira postu guztien arduradun.
Auzolana, ardatz
Herrilanean antolatu dute eguneko ekitaldi nagusia izango den antzerki saioa ere. Iraitz Lizarraga zizurkildarrak sortu du gidoia, eta hari esker, Erdi Aroan oinarritutako istorioan murgiltzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Donemiliagako markesaren alaba eta Donostiako Okendoko jauntxoaren arteko ezkontza hitzarmenak emango dio abiapuntua ikuskizunari. Hortik aurrera, herritarren indarrez, jaiak kutsu herrikoiagoa hartuko du. Goiz osoan zehar luzatuko da festa.
Jaia borobiltzeko, titiriteroak, dantzariak edota musikariak plazan barrena ibiliko dira, Erdi Aroko giroa pizten. Haurrek ere izango dute euren tartea, izan ere, 11:00tik aurrera, jolasean arituko baitira. Garai bateko jolas ezberdinetan trebatzen aritu dira azken asteotan herriko ikastetxeetako gaztetxoak eta maiatzaren 20an, jolasean arituko dira, garaiko jantziak soinean. Goiz pasa polita egiteko aukera izango dute, beraz, haiek ere.

Bazkaria
Eguerdian, jaiari jarraipena eman eta elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute herritarrek. Berezia izango da hau ere. Izan ere, Erdi Aroan murgilduta jarraitzeko aukera eskainiko du otorduak: baratxuri-zopa, oilaskoa eta gaztainak izango dira gozagarri helduentzat eta haurrentzat, oilaskoa eta gaztainak. Mahai tresnak ere garai batekoak izango dira.

ERTAROKO JANTZIEKIN AGERTZEKO DEIA
Bazkalostean, dantza gidatu saioan parte hartzeko aukera izango da Zizurkilen eta bote luze erakustaldia ere izango da Danena futbol zelaian. Hainbat herritar, neska eta mutil, joko honetan trebatzen aritu da azken asteotan, ikuskizun polita eskaintzeko asmoz.
Herritarrek prestatutako jaia izango da maiatzaren 20koa eta zizurkildarrei, festan parte hartu eta Erdi Aroko giroan murgiltzeko deia zabaldu diete. Horretarako, garaiko jantziak soinean janzteko eskaera egin dute. Zizurkilgo Udal liburutegian daude ikusgai, etxeko arropekin moldatu ahal izateko zenbait adibide.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!