Eliza gaitzat hartuta
Unai Agirre:
Hara nondikan harrapatu nauk
neronek ezin igarrian.
Baserritarrak babak eskuan
eta neke latzak gerrian.
Jakin zak, Agin, zer entzun dedan
Urnietako herrian:
gero ta jende gutxio ziok
elizan ta baserrian.
Agin Laburu:
Hemen garesti omen dauzkagu
lurra bezala zerua,
ta urritua baserri eta
elizako bezerua.
Hik zer nahi dek ba, guztia badek
hire mouko generua.
Hau ere agronomua degu,
hori bai, injenierua.
Unai Agirre:
Agin, laguna, kontu hoiekin
Unai ez liteke mindu.
Hala ta ere, hemen ez bedi
injenierua sumindu.
Gure joera zer izaten dan
esplikatzen alegindu:
guk egiten degu lan gutxi ta
al dala asko agindu.
Agin Laburu:
Asko agintzen dek hik
injeniero gisan.
Baino agindu soilik
ezin da bizitzan.
Esan dek jende gutxi
zegola elizan.
Gaur arte azkenekoz
noiz etorri hintzan?
Unai Agirre:
Ai!, enauk atrebitzen
egia esaten.
Orain diat zapaldua,
nola ez nuen aurten.
Gainera ez ditugu
zita onak izaten.
Azkena zapaldu nun
entierro baten.
Agin Laburu:
Entierrotan bada
nahiko komeria.
Baino nere lagunak
badu aurpegia.
Ez dakit orain ere
esan dun egia,
entierrora ez da jungo
ez bada beria.
Unai Agirre:
Unai zirikatzeko
badezu gogorik,
baina burutik kendu
intentzio horrik.
Agin, zuk ez didazu
uxatuko lorik.
Oraindikan hiltzeko
nik ez det asmorik.
Agin Laburu:
Hi, lasai, nahiz ta jende
gutxi zan elizan.
Ez haut hartuko orain
halako palizan.
Beti hamaiketako ta
bertso peskizan.
Ez, lasai, hortarako
presarik ez izan.
Unai Agirre:
Horrelakotxia da,
bai, gure bizitza.
Bihar ez degun gisan
hartzen degu hitza.
Ez nuala elizara
ta bere paliza.
Hutsa, bera igandero
joango balitza.
Agin Laburu:
Ni ere enak, noski,
horren zerbitzala.
Aspaldi ez nin hartu
bertako itzala.
Baino banekin gutxio
etortzen nintzala.
Nik nahikoa egin nin
umea nintzala.
Unai Agirre:
Esplikatuko diat
zuzen-zuzenian.
Garbi esan behar dit
nire izenian.
Ez nian ezer egin
gazterik nintzanian.
Jauna zerbituko dit
zartzen naizenian.
Agin Laburu:
Hemen bakoitzak sartu
norbere tornuan.
Jainkorik badago,
han zegok tronuan.
Hik txalet bat behar dek
hire terrenuan,
ta lurra erosia
dakat infernuan.
ALKATEA gaitzat hartuta
Unai Agirre:
Elkarri ezin egin
beti ahalegina.
Atzera begira ere
jarri naiz jakina.
Hirukote bat bada
aipatzeko adina.
Hor dago alkatea,
baserritar fina.
Agin Laburu:
Baserritar fina da
klaro, klaro, klaro.
Baratzian ibili
liteke oparo.
Baino nahiago egin
arduari trago.
Jendiak parra egin du,
ez det esan gehiago.
Unai Agirre:
Ikastolaren festan
serio-serio,
jubilatutan berdin,
enaiz oso fido.
Akto guztitan dabil
jetsi eta igo.
Honi saltsa guztiak
tokatzen zaizkio.
Agin Laburu:
Ni len alkateari
hor hasi natzaio
egin omen ditula
bi bilera saio.
Goizeko zortzietan
karpetak arraio!
ta zortziak oso goiz da
iruditu zaio.
Unai Agirre:
Lenago aipatu degu
guk baserritarra.
Baina, arren, alkatea
ez zaie hasarra.
Honen ofizioa
ere ez dek earra,
denei arpegi ona
ipini beharra.
Agin Laburu:
Hemen hartuagatik
hasieran kargu,
bertsoakin ziri ta
loria dakargu.
Arpegi ona jartzeko
hamaika enkargu,
hortarako ere balio
egin behar du.