Muskerraren eguna, maiatzaren 21ean Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 18a, 02:00

Asteasuren eta Obabaren ondare zabala eta anitza ezagutarazteko, Muskerraren eguna antolatu du Asteasuko Udalak, helburu bikoitzarekin: batetik, bisitariak erakartzea, Asteasu esperientzia erakargarri eta eraikitzaile baten bidez ezagutu dezaten; bestetik, Muskerraren bidea herri-komunitatea sendotzeko nortasun-elementua den neurrian, herritarrei zuzendutako eguna da. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute udaleko arduradunek datorren iganderako:

Egitaraua

 

  • ●  10:30 Muskerraren bidea: Bernardo Atxagarekin

  • ●  11:30 Muskerraren bila: jolasa familientzat

  • ●  12:30 Mokadua

  • ●  13:00 Apustu herrikoia herriko plazan

  • ●  18:00 Ez dok hiru: antzezlana Usarrabi frontoian

JARDUERA NABARMENAK

Iturri bueltako apustua

HELBURUA: Iturriari hogei buelta ahalik eta denbora gutxien erabilita ematea.

Iturriaren bueltan bi bide daude: Bata, barrukoa. Iturriaren kontra dagoena. Bestea, kanpokoa, Iturriaren kontratik metro batera dagoena.

Bikoteko batek barruko bideari 10 buelta eman beharko dizkio. Beste kideak aldiz, kanpoko bideari. Bien denborak gehituta ateratzen dena izango da bikote horrek lortutako denbora.

Bikote guztiek apustuan parte hartu ostean sailkapen bat osatuko da. Bertan lau denbora onenak dauzkaten bikoteek finala jokatuko dute eta bertan erabakiko da I. ITURRI BUELTAKO APUSTUKO bikote txapelduna zein den.

SARIAK: Apustuko lehenengo hiru sailkatuek sariak jasoko dituzte.

IZEN EMATEKO:

 

  • ●  Baldintza: 16 urtetik gora edukitzea

  • ●  Bikoteka egin beharko da izen ematea.

  • ●  Asteasuko Udalera deituta, goizez (943 69 19 07)

  • ●  Asteasuko tabernetan dauden izen-emate orrietan.

  • ●  Egunean bertan, 12:30etatik aurrera izen-emateko aukera egongo da.

Antzerkia: Ez dok hiru

Asteasun oso sustraitutako jarduera da antzerkia. Herrian baziren bi talde, nahiz eta azken boladan jarduera betean ez dauden. Muskerraren bidearekin, herriaren nortasun ezaugarriak sendotzen segitu nahi dugun neurrian, aukera paregabea da asteasuarren antzerkirako zaletasuna akuilatzeko.

Bereziki egokitzat jotzen dugu Ez dok hiru antzezlana, euskal musikaren historia oholtzarako sorkuntza-lan baten bidez dibulgatzen duen ikuskizuna izanik, kultur ondarea gozamenaren bidetik transmititzeko eredu aproposa baita. Hori da azken batean, Muskerraren bidearen helburu nagusia.

 

Muskerraren bidea

Dagoeneko ez dute aurkezpenik behar, ez Bernardo Atxagak, ezta 1989an idatzi zuen Obabakoak eleberriak ere. Halaxe aitortzen zuen Atxagak berak elkarrizketa batean:

“Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria”. (Bernardo Atxaga)

Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioa beste hainbat argitalpenetan agertzen da; esaterako, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1989) edota Bi anai (1995) lanetan. Ondare hori guztia dibulgatzeko helburuarekin, Asteasuko Udalak Muskerraren bidea sortu zuen 2015ean, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin lankidetzan.

Herrigunea eta haren inguruan bi kilometroko ibilbidea osatzen du Muskerraren bideak, eta bertan zazpi interpretazio-panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin, tokiko informazio zabalarekin. Asteasu Obaba aplikazioarekin, ibilbidearen esperientzia osatuko duite bisitariek, eskutan izango baitute informazio osoa.

Azken batean, Asteasuko Udalak Atxagak egindako ibilbidea atzetik aurrera egitea proposatzen du Muskerraren bidetik. Alegia, mundu osoan ezagun egin den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajeak bertatik bertara ezagutzea.

Asteasu Obaba aplikazioarekin, Muskerraren bidean, Asteasuko eta Aiztondoko ikuspegi ederrak ikusiko dituzte bisitariek, bertako historia eta pertsonaia garrantzitsuak ezagutzearekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!