“Etxola majikoa” larunbatean Lekaion

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 18a, 02:00

Erraza da Joxemari Berasategi Urnietako aktore eta zuzendari nekaezina proiekturen batean murgilduta aurkitzea. Berdin antzerkian, zineman edo telebistan. Interpretazio munduan, edota irakasle modura. Gaurkoan, berak idatzi eta zuzendu duen “Etxola majikoa” antzezlanaren berri eman dio Aiurriri.

 “Etxola majikoa” antzezlana prestatzen ari zara Egape ikastolako ikasleekin...
Joxemari Berasategi:
Bai, ilusio handiz Lehen Hezkuntzako umeekin ari naiz lan hau prestatzen, 1. mailatik hasi eta 6. mailarainoko 25 ikaslerekin. Bi taldetan banatzen ditut, obra lantzeko garaian, 1., 2. eta 3. mailakoak alde batetik eta 4., 5. eta 6. mailakoak bestetik. Txikienentzat beraien lehen esperientzia izango da, eta helduxeagoak direnak aurrez ere antzezlantxoren bat egindakoak dira.
 
Zaila al da adin horretako umeak antzerki mundura erakartzea?
J.M.B.:
Gehienei antzerkia ezaguna egiten zaie, aurrez lantxoren bat egina dutenak gustura errepikatzen dute, eta lehen aldiz datozenak ere oso pozik ikusten ditut antzerki munduan murgilduta.
 
Esfortzu handia eskatu al dizu antzezlan hau prestatzeak?
J.M.B.:
Badirudi zaila dela sei urteko umeekin antzezteko beharrezkoa den konzentrazioa lortzea, baina lortzen dugu. Obra honetan, adibidez, musikatik abiatuta bakoitzak bere pertsonaiari forma ematen dio. Badut eskarmentua umeekin eta saiatzen naiz guztiei protagonismo berdina ematen, eta normalean jasotzen ditudan ezustekoak positiboak izaten dira.
 
“Etxola majikoa” obraren nondik norakoak adieraziko al zenituzke?
J.M.B.:
Gidoia nik egindakoa da. Lan korala da. Musikarekin asko jokatzen dut, musikal bat dela esan dezakegu. Obran agertzen den talde bakoitzak bere musika propioa du. Bi zatitan banatu dugu lan hau, aurrenekoak 15 minutu inguruko iraupena izango du, eta bigarrenak ordu erdikoa. Baina inportanteena, gaztetxoen inplikazioa lortu dugula, gogo onez etortzea.
 
 Urduritasuna nabari al zaie larunbateko emanaldiaren atarian?
J.M.B.:
 Seguru momentua iristean tximeletak izango dituztela urdailean, baina pixkanaka lantzen ari gara obra modu dibertigarri batean. Ikastolako antzokian, dagoeneko bi aldiz eskaini dugu ikaskideentzat, larunbatean beste urrats bat emango dugu herritarren aurrean antzeztuz, eta ekainaren 16an berriro eskainiko dugu Saroben. Horrela beraiek eta neronek ere aukera izango dugu obraren eta pertsonaia bakoitzaren eboluzioa ikusteko.
 
Arropak, eszenografia eta abar nola antolatu dituzue?
J.M.B.:
 Hor ari gara denon artean lantzen. Modu xumean egina izanagatik hori ere beste atal inportante bat baita.
 
Zein hitzekin gonbidatuko zenituzte urnietarrak?
J.M.B.:
 Obra xarmangarria eta dibertigarria da 4 urtetik 80 urtera bitarteko edonorentzat. Bertaratzen direnak ezusteko ona jasoko dute. Irribarre batekin aterako dira Lekaiotik.
 
ETXOLA MAJIKOA SAIOAK URNIETAN
Maiatzak 20, larunbata.

18:00. Lekaio. Dohainik. 
Ekainak 16, ostirala.
17:00. Sarobe. Dohainik. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!