Villabona.dok V. dokumental zikloa hasiko da gaur iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 16a, 02:00

Gaur iluntzean, 'Como cambiar el mundo' dokumentalarekin abiatuko da Villabonako Udaleko kultur sailak antolatzen duen Villabona.dok dokumentalen zikloa. Ekainaren 1a arte astearte eta ostegunero iluntzeko 20:00etan eskainiko dira lanak, doan, Gurea zineman:

Amasa-Villabonako kultur saileko arduradun Joxean Cuberok jakinarazi duenez, herritarrak ziklora gerturatzera animatu nahian, aurtengo berrikuntza nagusia, dokumental guztiak doan ikusi ahal izango dira. Villabona.dok zikloan proiektatzeko, oro har, azken urte eta erdian osatu diren dokumentalak aukeratzen dituztela nabarmendu du, baina salbuespenak ere egiten dituztela tarteka. “Aurten, esaterako, duela 10 urte pasatxo kaleratutako ‘La ciudad de los fotografos’ lan txiletarra eskainiko da, dokumental hori berreskuratzea intersgarria iruditu zaigulako”. Gai eta ikuspegi ezberdinak islatzen dituzten lanak biltzen saiatzen dira eta aurtengo eskaintza ere horren adibide argia da. Bestalde, Euskal Herrian ekoitzitako dokumentalei tartea egitea da euren erronketako bat. “Aurtengoan Euskal Herrian eginiko hiru lan eskainiko dira. Horietako bi euskaraz: Jon Abrilen ‘Neskatoak’ eta Jon Maiaren ‘Zutik gura’; hirugarrena gaztelaniaz, Juanma Bajo Ulloaren ‘Rocknrollers’.

‘Cómo cambiar el mundo’. Maiatzak 16, asteartea: 1971n, Kanadako ekintzaile talde txiki bat elkartu zen arrantzaontzi zahar batean, Nixonek Alaskan egin nahi zituen bonba atomikoaren entseguak geldiarazteko. Greenpace mundu mailako mugimendua sortuz. Posible ote da kazetarien eta zientzialarien lagun talde txiki batek mundua aldatzea, beren kamarak beste armarik ez dutela? Gai ote da ordena handirik gabeko talde hau planeta salbatzeko misio garrantzitsuari aurre egiteko?

‘Neskatoak’. Maiatzak 18, osteguna: 1940 eta 1975 urteen artean emakume askok euren etxea utzi eta Ipar euskal herrira zein Frantziako beste hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame lanetan aritzera. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik ere jakin gabe. Zuzendaria: Jon Abril. Gurea antzokian bertan izango da zuzendaria eta saioaren ondorengo solasaldia gidatzen.

 ‘Transit Havana’. Maiatzak 23, asteartea: Urtean behin Holanda eta Belgikako bi zirujau plastikok Habanara hegan egiten dute bost pertsona kubatar transgenerori ebakuntza egiteko. Dokumentalaren egileek urtebete baino gehiago hiru protagonisten ondoan igaro ondoren, transek Kuban duten bizimodua erakutsi dute. Zuzendaria: Daniel Abma.

‘Gutik zura’. Maiatzak 25, osteguna: Euskal Herriaren idiosinkrasian baso aeta zurezko zimenduak daude. Dokumental honetan antzinatetik etorkizunera bidaia egingo da lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Zuzendaria: Jon Maia Soria.

‘La ciudad de los fotografos’. Maiatzak 30, asteartea: Pinocheten diktaduraren garaian, argazkilari talde batek Txileko jendea eta bertan bizi zen nahasketa erretratatu zuen. Istilu eta protesta odoltsuen artean, argazkilari ausart hauek beren lanbidea ikasi eta lengoaia politiko propioa sortu zuten. Zuzendaria: Sebastian Moreno.

‘Rocknrollers’. Ekainak 1, osteguna: Gasteizko Azkena Rock jaialdiko urteroko hitzordua Rock & Rollaren pasioaz, bere izaeraz eta oihartzunaz hausnartzeko abiapuntua da kasu honetan. Hainbat banda, artista ospetsu, fan eta rockaren langile, beren artea erakutsi eta XX. mendean eraginik handiena izan duen musikaz mintzo dira. Zuzendaria: Juanma Bajo Ulloa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!