Nor da Mikel Alonso?
20 urteko mutil gazte bat. Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, eta orain Magisteritzarekin ari naiz. Hirugarren urtea dut afizionatuetan. Lehen urtean debuta nahiko ona izan zen. Iturria eta Aristirekin egokitu nintzen, haiei lagundu eta haiekin ikasi. Bigarrena ez zen ona izan, erorketa asko izan bainituen, bederatzi denera. Alergiekin-eta arazo asko izan nituen. Aurten gustura ari naiz. Esango nuke egonkortu egin naizela afizionatuen mailan, beste pedal kolpe batekin nabil. Aurreko bi urteetan ez atzera ez aurrera ibili naiz. Dietista batekin nabil, deskantsua eta beste..., xehetasun horiek zaintzen ari naiz, eta nabaritu egin dut.
Ingeniaritzatik Magisteritzara egin duzu jauzi. Zergatik?
Matematiketan txukun nenbilelako hasi nintzen Ingeniaritzan, baina hasi eta berehala jabetu nintzen ez zela niretzat. Betidanik irakaslea izateko gogoa izan dut, eta aurten gustura nago, entrenamenduekin-eta konbinatzeko aukera daukat.
Hiru karrera irabazi dituzu: Urretxun, Markina eta Natxitua (Lehendakari Kopan). Ez dira gutxi!
Maila handitzeko helburua neukan. Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta dagoeneko hiru garaipen izateak lasaitasuna ematen ditu. Txirrindulari esplosiboa naiz, talde txikietako esprintetan-eta ondo moldatzen dena. Klasiko zalea naiz, ibilbide luzeko txirrindularia baino. Lehenengo garaipena amorruz ospatu nuen, gainetik zama astuna kendu izan banu bezala.
Urnietan bizikletan ibiltzen denak zure aita Xabi ezagutzen du. Zer da zuretzat zure aita?
Berari esker naiz txirrindularia. Txikitatik beti ikusi izan dut bizikletan, berari segika hasi nintzen, horrela zaletu nintzen. Alde onak eta txarrak ditu. Onen artean, aholkuak ematen dizkidala, une txarretan babesa, beti laguntzeko prest. Txarrean, zenbaitetan presioa sartzen didala, 'entrenamendu hau edo beste egin beharko zenuke', eta antzeko kontuak. Oso gustura nago berarekin. 17 urtera arte ezin izan nion irabazi, asko ibiltzen baita. Bera garaitzeko grina horrek eraman nau, dena den, egun naizen txirrindularia izatera. Bere erritmoari eusteko borroka horrek egin nau indartsuago.
Euskadi Fundazioan gustura?
Oso eskertua. Asko egin dute ni taldean egoteko. Oso eroso sentitzen naiz, batez ere Jorge Azanza kirol zuzendariarekin. Oso ondo zaintzen nau, konfiantza, eta lasaitasun handia ematen dit.
Hiru garaipen lortuta ezberdin ikusten al da profesional izateko erronka, edo ez?
Ez dut gehiegi pentsatzen profesional izango naizen edo ez. Izan nahi dut, noski, baina etorriko da etortzen dena. Gaur egun garrantzia handiagoa ematen diot txirrindularitzari, ikasteko denbora badagoelako gerora ere. Halere, eguneroko plangintza garbi daukat: ikasketak goizez, eta arratsaldean entrenamendua. Momentuz ondo moldatzen ari naiz. Panorama oso zaila dago txirrindularitzan, eta ikasketak ezin dira albo batera utzi. Tropel barruan dagoenak badaki profesional izatea, eta hortik bizitzea zaila dela. Han eta hemen gauza polit asko entzuten da, baina gero... Ametsa hor dago, eta ametsak irauten duen bitartean, esperantzak eta lana egiteko grinak ere bai. Entrenamendu taldea ere pizgarri handia da. Eskualdeko ziklistak zortzi urte daramatzagu entrenatzen, eta gero afariak-eta egiten ditugu. Bere gauza onak ere baditu hainbeste lan saio egiteak.
Nor duzu gustuko txirrindulari? Eta gustuko mendatea?
Nire idoloa Valverde da, eta nire gustuko mendatea, Andazarrate, Asteasun. Azken aldian Urkizun, Tolosan ibiltzen naiz. Han egiten ditut serieak-eta. Espainiako selekzioarekin ibili naiz oraintxe Belgika aldean, eta han ikusi dut ikaragarri ibiltzen direla, errepidean askoz maltzurragoak direla. Erietxean bukatu nuen, baina han bizitakoaz asko ikasi dut; besteak beste askoz gehiago entrenatu behar dela. Euskal Herrian zelaian lasai antzean joaten gara. Belgika eta Holandan denak ero moduan abiatzen dira hasieratik, eta hortik zer ikasia badaukagula uste dut.