Zubimusu Ikastolak Hezkuntza Lege berria jorratuko du Mintzolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 12a, 02:00

Maiatzaren 18an, 19:00etan, EHIko zuzendari nagusiak eta lehendakariak, Jose Luis Sukiak eta Koldo Tellituk, hitzaldia emango dute Hezkuntza Legerako oinarriak azalduz:

 

"Hezkuntza Lege berri baten atarian egon gaitezkeela kontutan hartuta, Zubimusu Ikastolak hitzaldia antolatu du gaia jorratzeko, Ikastolen Elkarteak egiten duen hausnarketa herritarrekin partekatuz. Horretarako hitzaldia antolatu du datorren ostegunerako, maiatzaren 18rako. Saioa, 19:00etan, Mintzolan izango da eta parte hartuko dute EHIko zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak eta EHIko lehendakari Koldo Tellituk.

Eusko Jaurlaritzak 1993an atera zuen Euskal Eskola Publikoaren Legea, egun indarrean dagoena. Orain, itxura guztien arabera Hezkuntza Lege berria ateratzea da Hezkuntza sailaren erronka nagusia eta lanean hasia da. Eszenatoki horren aurrean, Ikastolen Elkarteak hausnarketa lan bat egin du eta horren berri emango du Mintzolan. Izan ere, ikastolek urteak daramatzate hezkuntza sistema osoa, ez soilik titularitate publikoa dutenena, barne bilduko duen hezkuntza lege bat eskatzen.

Gaur egun, hezkuntza sarean erdiak ikastetxe publikoak dira eta beste erdiak itunpekoak edo kontzertatuak. Saioa irekia da eta Zubimusu Ikastolak gaia interesatzen zaien guztiei luzatzen die gonbidapena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!