Kirmen Uribe idazleak 111 Akademiako Saria jaso du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 12a, 02:00

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak, 111 Akademia Saria jaso zuen atzo iluntzean Bastero kulturgunean. Akademiakideen ustez, Uribek idatzitako ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburua izan baita 2016 urtean argitaratutako libururik gustukoena:

[Argazkiak] [Bideoa]

Esker onez jaso zuen saria atzo iluntzean Kirmen Uribe idazleak Andoaingo Bastero kulturgunean. Ohi denez, larru bereziz koadernatutako bere liburu saritua eta diploma eskuratu zituen Andoaingo alkate Ana Carrere, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultur diputatu Lorea Bilbao eta Eusko Jaurlaritzako Kultur eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranen eskutik. ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ liburuaren hainbat pasarte irakurri zituzten 111 Akademiako hainbat kidek nahiz erakundeetatik gerturatutako ordezkariek. Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak, bestalde, akademiakideek urtean zehar liburu sarituaren inguruan igorritako hainbat iritzi irakurri zuen. Irakurraldiei eta ekitaldiari, oro har, oso doinu goxoa erantsi zieten Audience musika taldeko kideek.

Saria jaso ondorenean, euskara maite duen familia batetik datorrela azaldu zuen Kirmen Uribe idazleak eta, euskaraz ikastea justua ez zen eta legearen barruan sartzen ez zen garaikoa dela gogoratu zuen bere hitzaldiaren hasieran, “diktadorea bizirik zegoela jaio nintzen eta orain hemen nago euskaraz idazten eta euskara mundura zabaltzen. Baina ez ditut ahaztu nahi aurretik egon diren idazle horiek, nik ikaragarri maite ditudanak, eta atzetik datozenak ere bai; gaztetxoak. Ni euskal literaturaren munduaren barruan katebegi bat naiz eta umiltasun hori beharrezkoa dugu. Liburu onak ateratzen dira, beste hainbat eta hainbat liburu ateratzen direlako. Euskal literatura ez du salbatuko idazle batek edo liburu bakar batek. Etengabe ateratzen diren liburu horiek salbatuko dute, lanean ari diren idazle horiek, argitaletxeek, prentsak, zuek bezalako irakurleek… Denok dugu balio bera, denok gara taldekide euskal literaturaren mundutxoan.
Eskerrak benetan Letamendi-Urresti familiari, beraien historia kontatzeko aukera eman didalako. Liburutik politena jendeak liburua bere egin duela izan da eta bere familiarekin gogoratu dela nahiz eta familia jakin baten historia kontatu. Hainbat e-mail jaso ditut, baina batek esaten zuen ‘eskerrik asko nik buelta ematearren gure iraganari ze iragana ere lapurtu egin ziguten’.

Ez da ahaztu behar idazleak batez ere irakurleak garela. Idazle gazteei beti esaten diet idazle ona izan nahi badute irakurri egin behar dutela lehenengo, etengabe irakurri. Eta galdetzen didatenean zer egiten dudan liburu bat eta hurrengoaren artean, ‘irakurri’ erantzuten diet; ikasteko. Idazleok liburu bakoitzarekin ikasi eta hobetu egin nahi dugu. Ni horretan saiatuko naiz.

Iritzi batzuetan aipatu da liburuan nire familia eta ni agertzen garela eta hurrengo liburuetan ere agertuko garela uste dut. Hori da nire estiloa. Nazioartean ere egiten da, hainbat idazle daude mundu mailan benetako historiak erabiltzen dituztenak gero nobela bat idazteko. Nik bide horretatik jarraituko dut, baina beste alde batetik pentsatzen dut Letamendi-Urrestiren historiarekin ez neukala beste irtenbiderik. Ezin nuen Letamendi kendu eta Lete jarri edota Urresti kendu eta Unanue jarri. Agertu behar ziren belaunaldi horretan erresistentzian aritu zirenen izen-abizenak eta baita ere belaunaldi hori zapaltzen ahalegindu zirenen izen-abizenak, horiek ere agertzen baitira.

Berriz ere eskerrak emanaz bukatuko dut. Ikaragarrizko ilusioa egin dit sari hau jasotzeak. Eskerrak eman nahi dizkiet hainbat jenderi, hemen daudenei eta hemen ez daudenei. Aita ez dago, Aitzol Aramaio… Baina hemen bazaudete lagunak ere, eta eskerrak amari, nire hiru umeei eta Nereari batez ere, hor egotearren. Ze nik bi amets izan ditut bizitzan bete direnak. Bat idazle izatea, bete da edo ari da betetzen eta, bigarrena, Nerearekin ibiltzea izan da eta hori ere bete da. Baina hori beti izan da amets handiagoa idaztea baino. Eskerrik asko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!