Aro digitala, Asteasuko Muskerraren bidera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 11a, 02:00

Dagoeneko eskuragarri dago Asteasuko Muskerraren bideari buruzko informazioa jasotzen duen mugikorretarako Asteasu-Obaba aplikazioa. Gaur goizean aurkeztu dute Asteasuko udaletxean, maiatzaren 21eko Muskerraren egunarekin batera:

2015eko azaroan aurkeztu zen lehenengo aldiz Muskerraren bidea ekimena. Proiektu hori Bernardo Atxagarekin batera landu zuen Asteasuko Udalak eta berekin batera eraman zuen aurrera. Momentu hartan turismo proiektu bat jarri zuen martxan Udalak, Asteasura jendea erakartzeko eta zerbait berezia bilatzeko asmoz, Obabaren ideia sortu zitzaien. “Bernardo Atxagarekin batera eginiko elkarlanari esker sortu zen Muskerraren bidea ekimena. Donostia 2016 ekimenaren baitan, dirulaguntza jaso zuen egitasmo honek eta bere arrakasta izan zuen”, adierazi du Pili Legarra Asteasuko alkateak gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. Herrigunearen inguruan bi kilometroko ibilbidea osatzen du Muskerraren bideak eta zazpi interpretazio panel daude bertan jarrita; testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin, tokiko informazio zabala eskainiz. Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntza bati esker, Donostiako Alambre enpresak burutu duen Asteasu-Obaba aplikazioa aurkeztu dute orain. “Smartphoneko aplikazioarekin, ibilbidearen esperientzia osatuko dute bisitariek, eskuartean izango baitute informazio osoa. Aplikazio honekin, Muskerraren bidean, Asteasuko ikuspegi ederrak edukiko dituzte, bertako historia eta bertako pertsonaia garrantzitsuak ezagutzearekin batera”, gaineratu du alkateak.

Aplikazioa abian
Eneko Uriarte Alambre enpresako kidea ere aurkezpenean izan da eta diseinu estudioa izanagatik, museografia edota kultur gaiak jendeari eskura emateko nahia ere euren gain hartu dutela azaldu du. “Bai museoetan edota Muskerraren bidea bezalako ibilbideetan erabiltzeko moduko aplikazioa osatu genuen. Proiektu osoari Gida izena eman genion, baina Gida bakoitzean proiektu ezberdinak osatzen ditugu”. Oraingoa, Muskerraren bidearen inguruko aplikazioa izan da, ibilbidean dauden panelez gain, puntu batetik bestera joaterakoan, bisitariari lagungarri egiten zaiona. “Aplikaziorako Bernardo Atxagak berak egin ditu lokuzioak eta idazleak berak kontatzen du historia nahiz liburuan agertzen diren kokaleku eta pertsonaien berri”. Mugikor eta tabletentzat egokituta dago aplikazioa, doan eskura daiteke eta behin deskargatutakoan ez du inolako Internet konexiorik behar ibilbidea egin ahal izateko. “Geldialdietako tokiei eta eraikinei buruzko informazioa biltzen du aplikazioak testu eta argazkien bidez, Bernardo Atxagaren hitzak ere bai, audio bitartez edota idatziz eta baita ibilbidea zehazten duen mapa ere”.

Deskargatzeko loturak
Euskaraz (iOS): https://itunes.apple.com/us/app/asteasu-obaba-eu/id1137957685?mt=8
Euskaraz (Android): https://play.google.com/store/apps/details?id=com.alambre.musse.obaba.eu&hl=en

Muskerraren eguna
Era berean eta Muskerraren bideari indarra eman nahian, Asteasuren eta Obabaren ondare zabala ezagutarazteko, lehen Muskerraren eguna antolatu du Asteasuko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, maiatzaren 21ean, bi helbururekin. “Batetik, bisitariak erakarri nahi ditugu, Asteasu esperientzia erakargarri eta eraikitzaile baten bidez ezagut dezaten. Bestetik, Muskerraren bidea herri-komunitatea sendotzeko nortasun-elementua den neurrian, herritarrei zuzendutako eguna da”, Pili Legarraren hitzetan. Gainera, Muskerraren bidea ekimenari urtero egun bat zuzendu nahi diotela adierazi du. “Muskerraren bidea ekimen berriekin hornitu nahi dugu urtean zehar eta ekintza horien berri emanez, Muskerraren eguna antolatuko dugu aurrerantzean ere”.

Muskerraren eguna. Egitaraua
Maiatzak 21, larunbata

10:30 Muskerraren bidea: Bernardo Atxagarekin.
11:30 Muskerraren bila: jolasa familientzat.
12:30 Mokadua.
13:00 Apustu herrikoia herriko plazan.
18:00 Ez dok hiru: antzezlana Usarrabi frontoian.

Iturriaren bueltan, korrika
Asteasuk herri apustuzalearen fama du eta Bernardo Atxagak ‘Muskerraren bidea’ liburuan aipatzen duen gertaeran oinarrituta, hitzordu bitxia antolatu dute maiatzaren 21erako; I. Iturri bueltako apustua, hain zuzen. Iturriari ahalik eta denbora gutxienean hogei buelta eman beharko zaizkio bikoteka. Bi bide daude iturriaren bueltan; barrukoa, iturriaren kontra dagoena eta, kanpokoa, iturriaren kontratik metro batera dagoena. Bikoteko kide batek barruko bideari 10 buelta eman beharko dizkio eta bigarrenak beste 10, kanpokoari. Bien denborak gehituta emaitzarik onena lortzen duten lau bikoteek jokatuko dute finala eta lehen hiru sailkatuek sariak jasoko dituzte. Izena emateko baldintza, 16 urtetik gora edukitzea. Bikoteka egin behar da izen-ematea, Asteasuko Udalera goizez deituta (943 69 19 07) edo herriko tabernatan. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 12:30etatik aurrera.
Apustuaren azalpen bideoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!