Zizurkilgo taldea, Herriartekoan sorpresa emateko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 11a, 02:00

Gipuzkoako 50. Herriartekoan, esku pilota modalitatean Zizurkil herria ordezkatuko duen taldea buru-belarri ari da entrenamenduetan. Talde lehiakorra osatu dute eta sorpresa emateko prest daude:

Iaz lortutako emaitza onari esker, bigarren fasean hasiko da taldea. Ez da batere erraza Zizurkil bezalako herri txiki batek Herriarteko txapelketan parte hartzea, horregatik dagokion garrantzia ematea oso positiboa da herriarentzat berarentzat ere. Dudarik gabe, aurtengo ekitaldirako talde lehiakorra izango du herriak.

Kadetetan, maila oso ona ematen ari den Xabi Lasa izango da aurrelari titularra eta bere bizkarzain Enaitz Etxeberria arituko da, asko hobetu duen eta kolpea eta egonkortasuna hartu duen pilotaria. Ordezko gisa, oraindik infantil mailan dagoen Ander Perurena izango dute; ordezko paregabea.

Jubenil mailan taldeak ez du ordezkorik izango. Horregatik minik ez hartzea oso garrantzitsua izango da taldeak bere sendotasuna izan dezan. Aurretik Julen Alberdik jokatuko du. Aurrelari bizia, defentsa handikoa, artista. Bere sake erremateak garrantzia izango du. Atzean Mikel Arrate arituko da, urteak pasa ahala sendotasuna hartzen ari den pilotaria. Beraien maila ematen badute, puntu garrantzitsuak lortu ahalko dituzte herriarentzat.

Nagusi mailan ordezkaritza handiagoa da. Titular gisa aurrean Peru Labakak jokatuko du. Egun, afizionatutan dagoen aurrelaririk onena da. Erremate bikainekoa, gutxik amaitzen dute tantoa berak bezala. Atzetik, Jokin Arregi gazteak jokatuko du. Urduritasunak eragiten ez badu, maila oso duina eman dezakeen atzelaria. Ordezko gisa hiru pilotari izango ditu taldeak: Iñaki Lizaso, Aritz Ezeiza eta Imanol Arruti. 

Joaneko partida kanpoan izango dute zizurkildarrek, Bidania eta Altzoren arteko irabazlearen aurka. Altzokoak ageri dira faborito lehia honetan.

Itzulerako partida, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan jokatuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!