Baratze parkea abian da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 11a, 02:00

Gaur egin dute Villabonako baratze parkearen irekiera ekitaldia. Guztira, 34 partzela edo baratzerentzako lekua dago. Dagoeneko erabiltzaileak hasiak dira baratzeak lantzen, eta modu ekologikoan egingo dute lan, autokontsumorako betiere. Kutxa Ekoguneako kideak eta udal ordezkariak izan dira irekiera ekitaldian.

Argazkiak

Mmikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendaria da eta poza azaldu du Villabonako baratze parkearen irekieran. "2012an hasi ginen Gipuzkoan baratze sarea osatzen. Dagoeneko 17 herritan daude gisa honetako baratzeak. Helburu anitzak lortzen dira; ekologikoan landuko direnez, bultzadatxoa emango zaio ekoizteko modu horri. Beste alde batetik, autokontsumorako izango dira,e z dugulako nahi inguruko baserritarrekin konpetentzian sartu. Herriko topagune ere izango da; adin ezberdinetako jendea elkartuko da bertan"

Ekoguneak espazioa kudeatzen lagunduko duela azaldu du Mikel Insaustik: "Baratzezainek egina dute dagoeneko nekazaritza ekologiaren inguruko ikastaro bat eta hilabeterko furgobaratza etorriko da bisitan, aholkularitza eskaini eta hazi eta landare ekologikoak saltzeko. Urtero lurraren analisiak ere egingo dira, ongarriztatze maila zenbatekoa izango den jakiteko. Konposta ere ekarriko dugu".

Beste herritan azokak eta jaialdiak antoaltzen diren bezala, Villabonan ere antzeko ekimenak sortu direla espero du Mikel Insaustik: "Elkarteko kideak antoaltzen joaten diren heinean, ekimenak antolatzen hasiko direla uste dugu".

 

Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkateak eman ditu baratze parkearen inguruko azalpenak: "Nazional 1 errepidearen alde batean kokatua dago, urki landaketaren atzealdean, Amasako bide ondoan. Jatorriz belardia izandako saila da eta denetara 36 lursail daude, 40 metro karratukoak. Erabiltzaileek, herraminta biltegi eta aldagela gisa erabil dezaketen etxola dute bertan, ur askak eta auzokonposta egiteko guneak. Sailak urtebeterako eman dituzte, baina lau urtez luza daiteke".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!