Warda, ekialdeko dantzen baitan bidaiatzeko emanaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Maialen Urdapilleta Anza billabonatarrak, ekialdeko dantzak dantzatzeaz gain, sormenaren bidea landuz, Donostiako Samadhana dantza eskolan irakasten ditu. Datorren igandean, maiatzak 14, Tolosako Leidor antzokian Warda emanaldia eskainiko dute eskolako kideek, 12:00etatik aurrera:

 

14 urterekin hasi zen Maialen ekialdeko dantzak ikasten Donostian eta zeharo maitemindu zen musikarekin eta mugimenduen bihurguneekin. Lau urtez Donostian aritu eta gero, Madrilen jarraitu zuen bere bidea.

Aurrez, beste hainbat eskola eta aretotan dantza irakasten aritu eta gero, 2008 urtean Samadhana dantza akademia zabaldu zuen Donostiako Gros auzoan. Samadhana, ekialdeko dantzak soilik eskaintzen dituen Donostiako akademia bakarra da eta dantza tradizionaletik haratago zabaltzearen berezitasuna du. Hutsetik hasita, maila ezberdinak eskaintzen dituzte. Dantza irakasle izateaz gain, taula gainean aritzea izugarri gogoko du Maialenek eta ikuskizunak eskaintzen ditu noizean behin antzoki ezberdinetan. Bada, dantzaren bidez, Warda izeneko bidaia koloretsu eta berezia eskainiko du, Samadhana eskolako ikasleekin batera, datorren maiatzaren 14an eguerdiko 12:00etatik  aurrera, Tolosako Leidor antzokian. Ilusioz eta saiakera handiz landu dituzte eskainiko dituzten koreografia guztiak eta jantziko dituzten arropak ere euren artean prestatu dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!