Juanito taberna, Urnietako historiaren lekuko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Itxita egonagatik, taberna izandakoak bere horretan jarraitzen du, eta oraindik irekita egon zen urteen kutsua arnastu liteke bertan. Paretetan zintzilik dirauten koadroek herriaren XX. mendeko azken hamarkaden historia jasotzen dute. Tabernan bertan elkartu gara Juanito eta Mirenekin, eta kuadroz-kuadro joan gara beraien bizipenak aletzen.

Juanito Albizu 1947ko otsailaren 7an jaio zen Urnietan; Miren Arrieta, 1953ko uztailaren 28an Hernanin. 1976an ezkondu ziren. San Migel parrokiaren ondoan kokatuta zegoen “Juanito taberna”ren arduradunak izan ziren. Taberna, gertuan zegoen Euliania tabernaren eraikina kalea zabaltzeko eraitsi zutenean ireki zuten, eta 2007an itxi.

KARAKOLAK
Juanito tabernaren bezeroak, gehien bat, herrikoak ziren, baina afaltzera inguruko herrietako jendea ere hurbiltzen zen. Garai batean, bertan prestatzen zituzten karakolak izugarrizko ospea izan baitzuten. Juanitoren amak (Ixabel Intxausti) oso ondo prestatzen zituen, eta beraiek eman zioten jarraipena Ixabelen errezetari. Bazuten  jendea beraientzako karakolak biltzen zituena eta izan zituzten 5.000 karakol prestatutako gauak ere.
 
HAMAIKETAKOAK
Hiletak goizez egiten ziren garaian, oso ohikoa zen bertan gosaria egitea salda, txorizoa eta abar janez. Tabernaren azken urteetan eta igandetako meza nagusiaren ondoren, asko ziren bertara hamaiketakoa eta tertulia egitera hurbiltzen zirenak. Tartean izaten zen Iñaki Aranzadi apaiza ere.
 
XABIER LETE
Hasieran lagunen bat edo besterekin agertzen zen tabernatik, txorizoa edota salda beroa hartzera. Gerora, Juanito tabernak babesten zuen futbol-sala taldeko atezaina izan zen Xabier, eta han izaten zen gainontzeko taldekideekin batera. Xabier, gainontzeko taldekideak baino zaharragoa zen eta izaten zuen nahiko lan haiek kontrolatzen. Igande goizetan joaten zen bere baloiarekin partida jokatzera, eta sarritan, taldekideak bezperan parranda egin eta oraindik ohean izaten ziren. Mirenek gogoan du, nola Xabierrek joan behar izaten zuen etxez-etxe, banan-bana esnarazten, partida jokatuko bazen.
Juanitok akorduan du Urnietako futbol zelaia inauguratu berritan nola jokatu zuten ezkonduak ezkongabeen aurko partida bat. Orduan ere, Xabierrek eramandakoa zen baloia. Halako batean, jokaldi eztabaidagarri batetan hartutako erabakiarekin ez zen ados Xabier, eta bere baloia hartu eta etxera alde egin zuen. Ondorioz, partida bertan behera geratu zen.
“Xabierrentzako gure taberna eszenatoki bat bezala zen, hainbatetan, mahai baten gainera igo eta botako zigun diskurtsoa, edo bertsoren kantatu, edota txisteren bat kontatu, edo dantzatu, edozer, umore handia jartzen zuen hemen eta gu barrez lehertzen egoten ginen” dio Juanitok.
Xabierrek,  osasun arazoengatik gutxi jan zezakeen, baina jaten asko disfrutatzen zuen eta gustatzen zitzaion denetik probatzea, soilik hori bazen ere egin zezakeena, probatzea. “Segituan betetzen zen”, erantsi digu Mirenek.
 
MATTIN MUJIKA
Pelotariek ere bazuten joera tabernara hurbiltzeko. 1993 urteko apirilaren 28an hil zen, 27 urte besterik ez zituela Mattin Mujika erremontista handia. Mattin eta bere lagunak sarritan izaten ziren Juanito tabernan. Bera babesten zuen zaletu-taldea ere tabernan elkartzen zen. Xabier Letek ere seme baten moduan tratatzen zuen Mattin.
Juanitok gogoan du Mattinek 1989an Prat-ekin bikotea osatuz binakako txapela irabazitakoan bi bazkari antolatu zirela, bat berak Zaldundegin antolatu zuena, eta bigarrena, Marizulon egin zena. Bietan jangela bete egin zen.
 
SANMIELAK
San Juan plazaren ondoan egonik, Urnietako festak iritsitakoan eromena izaten zen tabernan: "Pertsona bat kanpoan jarri behar izaten genuen, bezeroek ateratako baso eta platerak biltzen, bestela batere gabe geratuko ginelako".
Iaz erretiratu zen Egan taldea Urnietan izaten zen urtero Sanmiel jaien azken egunean, Errosarioko Amabirjinaren igandean, eta hauek ere ez zuten hutsik egiten Juanito tabernan. Mirenek gogoan du taldekide batek urtero tripakiak eskatzen zituela.
Txantxillo Donostiako kale-eskaleak ere Juanito tabernan izaten zen urtero Sanmiel jaietan. Taberna barruko bazter batean jartzen zen, lurreraino iristen zitzaion gabardina jantzita, xilofonoa jotzen, poltsaz inguratura. Ez zuen inongo harremanik tabernariekin, baimenik ere ez zuen eskatzen bertan jartzeko.
 
TAXISTA
40 urte zituenetik jubilatu bitartean, Juanito tabernaria izateaz gain, taxista  izan zen ere. Batez ere, ospitalera eta inguruko herrietara jendea eramanez pasa zituen urteak, baina estatu osora iritsi izan zen bere autoarekin. Halare badu inoiz ahaztuko ez duen zerbitzu bat. Moskura egindakoa hain zuzen ere. “Juan Antonio Barea urnietarra, tarteka Donostiako bere lantegira eramaten nuen, eta urtero-urtero uda-partean egun-pasa joaten ginen Zaragozako Calatayud herrira, han zuen bere lagun bati bisita egiteko aitzakiarekin. Urtero aipatzen zidan egunen batean Moskura joan behar genuela. Dirudienez, ezkondu zenean bere emazteari hara joateko promesa egina zion, eta alargunduta egonagatik agindutakoa bete egin nahi zuen. Halako insistentziaren aurrean, han ibili nintzen, kamiolari enpresetan eta abar xehetasunak jakin nahian, zer prezio kobratu ere ez nekielako. Miloi erdia (garaiko pezetetan) esan nion, eta berak baiezkoa eman zidan. Horrela, 1994ko martxoan abiatu ginen goizeko 06:00tan Urnietatik eta Frantziako iparraldean dagoen Peronne herrian lo egin genuen. Hurrengo egunean Poloniaraino iritsi ginen, Poznan hiriraino. Hirugarren egunean, jada Errusian, Smolensk herrian pasa genuen gaua, eta jarraian iritsi ginen Moscura. Iritsi orduko gure hotela non zen ez genekienez, leku desegokian aparkatu eta poliziaren komisaldegian bukatu genuen. Espainiako enbajadarekin hitz egin genuen eta berehala ginen berriro kalean. Ondorengo egun pare batean bertan izan ginen, otordu bikainak egin genituen, baina Juan Antoniok ez zeukan inongo interesik ez bisitatzeko ezta ezagutzeko ere, eta hotelean sartuta egotekotan Urnietara bueltatzea proposatu nion. Berak baiezkoa eman eta segituan ginen bueltako bidaian. Berari ezer aipatu gabe itzuleran Varsovian sartu nintzen, behin haraino joanda zerbait ezagutzeko asmoarekin.

IDI DEMAK
Urnietan ohikoak ziren Sanmielen ondoren Egape ikastolak antolatzen zituen idi probak. Ikastolak antolatzeari utzitakoan, Juanito eta bere lagun batek hartu zuten antolakuntzaren ardura, eta hiru urtez jarraian lan horretan jardun ziren. Ikusle ugari bertaratzen bazen ere, ez zuten babes handirik jasotzen eta bere horretan uztea erabaki zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!