Literaturzaleen saria jasoko du Uribek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Irakurleek hala erabakita, Kirmen Uribek jasoko du 2016ko 111 Akademia Saria 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberriagatik. Maiatzaren 11n emango diote saria Ondarroako idazleari Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean hasiko den eta herritar guztientzat irekia izango den ekitaldian. 

Irakurleek liburu sarituko hainbat pasarte irakurriko dituzte, Audience talde gernikarraren musika lagun dutela.

IKUS-ENTZUNEZKOA MAIATZAREN 9AN
Kirmen Uriberi buruzko 'Gutariko azkena' dokumentala eskainiko du 111 Akademiak Basteron bertan 19:00etan.  Sarrera doakoa izango da. Josu Venerok zuzendu eta Signodigital etxeak ekoitzitako lan honek Uriberen sorkuntza-prozesua eta nazioarteko beste artista batzuekin duen harremana ditu hizpide. 
Euskaran barrena egindako bidaia poetiko eta bisuala da, eta hizkuntza gutxituak abiapuntutzat hartuta, artista belaunaldi berrien lan egiteko eta munduarekin erlazionatzeko moduaren berri ematen du. 
Venerok eta Kirmen Uribek berak landutako gidoia du dokumentalak, Euskal Herrian, Estatu Batuetan, Japonian, Txinan eta Belgikan grabatua izan da eta nazioarteko hainbat artistaren partaidetza du, besteak beste, Elizabeth Macklin idazlearena, Salyy Perret Salisbury Unibertsitateko literatura irakaslearena, Su Tong idazlearena, Carmen Mussche Robert Musscheren alabarena, Wim Mertens musikariarena, Keijiro Suga idazlearena, Nami Kaneko itzultzailearena, eta Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarin musikariena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!