Kirol astea Larraulen, hilaren 15ean hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Ohikoez gain, kirol jarduera berriez gozatzeko aukera izango da Larraulen maiatzaren 15etik 21era.

Egitaraua:

Iazko bideari jarraituz, Kirol astea ospatuko dute aurten ere Larraulen. Ekitaldi sorta oparoa antolatu dute astelehenetik igandera luzatuko den egitarauaren baitan.
Erniopeko mendi martxa herritik pasatzekoa zela aprobetxatuz, kirolari lotutako ekitaldi sorta antolatzea erabaki zuten iaz Larraulen. Cristian Pizarro da ekimenaren bultzatzaileetakoa: “Kirolaren inguruko bi ekitaldi handi herrian egokitu ziren iazko maiatzean; Erniopeko martxa, eta Aiztondoko kirol olinpiadak. Egitaraua pixka bat gehiago osatu, eta aste osoko programa osatu genuen. Gustura hartu zuen jendeak, eta parte hartze handia izan zuten ekitaldi gehienek. Hori kontuan hartuta, jarraipena ematea pentsatu genuen. Bigarren edizioa egingo dugu aurten”.
Aukera zabala
Ekitaldi berritzaileak antolatu dituzte aurtengorako ere. Ostiral arratsaldean, esaterako, bizikleta igoera ikusgarria dute egitekoa. Asteasu eta Larraul batzen dituen oinezko bidean gora joan beharko dute txirrindulariek erlojuaren aurka. “Bi pertsonen arteko erronka gisa jaio zen kronoigoera egitearen ideia. Ideia aztertzen hasi ginenean, ordea, egokiagoa iruditu zitzaigun deialdia zabaltzea. Gogoa duen edonork izango du parte hartzeko aukera. Horretarako, nahikoa izango da arratsaldeko 19:00etan irteera puntuan bizikleta eta guzti azaltzea”, argitu du Cristianek.
Larunbatean ere izango da ekitaldi ikusgarririk. Arratsaldean, Cristianek bereziki azpimarratuko lukeen ekitaldia izango da plazan bertan: “Esgrima erakustaldia eskainiko dute federazioko bi kidek. Iaz ere izan genuen saio hori antolatzeko gogoa, baina ez zen posible izan. Esgrimaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta erakustaldia eskaini ondoren, nahi duen orok froga egiteko aukera ere izango du. Horretarako behar den material guztia ekarriko dute eta haur zein heldu, edonork izango du esgrima ezagutzeko aukera”.

Egitaraua
Maiatzak 15, astelehena

17:00 Frontenis txapelketa. Izen- ematea, egunean bertan.
18:30 Film emanaldia kultur etxean. ‘Quiero ser como Beckham’.

Maiatzak 16, asteartea
17:00 Haurren futbito txapelketa. 8 jokalariko taldeak.
18:30 Helduen futbito txapelketa. 6 jokalariko taldeak. Izen-ematea bertan.

Maiatzak 17, asteazkena
17:00 Film emanaldia haurrentzat, kultur etxean. ‘Space Jam’.
18:45 Film emanaldia helduentzat, kultur etxean. ‘Everest’.

Maiatzak 18, osteguna
18:00 Jolas kooperatiboak haurrentzat.
19:30 Zumba saioa plazan.

Maiatzak 19, ostirala
19:00 Kronoigoera, Asteasutik Larraulera, oinezkoen bide berritutik. Izen-ematea, momentuan bertan.
19:30 Hitzaldia: Kirola eta elikadura.
21:30 Afari osasuntsua elkartean. Izen-ematea, Larraulgo ostatuan.

Maiatzak 20, larunbata
10:30 Fit camp saioa, plazan.
12:00 Ebaluaketa nutriziolana, plazan.
12:15 Xake txapelketa herrikoia, adin guztietako herritarrei irekia.
18:00 Esgrima erakustaldia. Kirola ezagutu eta froga egiteko aukera, plazan.

Maiatzak 21, igandea
11:00 Duatloia, haur eta gaztetxoentzat.
12:00 Jolasak plazan: sokatira, toka, txingak, boloak, mahai tenisa…, nahi duen orok parte har dezake jarduera ezberdinetan.
18:00 Frotenis finala.
19:00 Futbito finala.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!