Asteasuko kontakizunak Etxeberriaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Gillermo Etxeberria asteasuarrak ‘Asteasuko kontakizunak’ izeneko liburua argitaratu berri du. Atsegin duen bilduma osatu du, historia zatiak bilduz.

Ezagutzen dutenek ondo dakitenez, Gillermo ez da geldirik egoteko pertsona eta argitalpen berriarekin dator, orain bi urte, ‘Asteasuko bazterrak’ eta ‘Asteasuko San Pedro eliza’ izeneko bi liburuxka kaleratu ondorenean.

Ez zara zure lanean gelditzen…
Beno, ‘erretreta’ edo jubilazio urteak bete egin behar dira, ahal bezain atsegin eta probetxu handienarekin.

Berriro  ere Asteasuko kontuak…
Bai, dena den liburu honek ez du askorik originaletik. Bilduma bat besterik ez da.

Besteak beste, Aiurri aldizkariko hainbat lan jaso duzu bertan…
Bai Aiurritik, bai Tolosaldeko Atariatik. Gehiago Aiurritik. Atseginez jaso ditut Asteasuko artxibo zaintzailea den Amagoia Piaren eskutik ere. Sekulako lan ederra egiten ari dira Asteasuko artxiboan, eta dirudienez, gure hau, aberatsa omen da eta oraindik ere askoz gehiago emango duela esaten digu Amagoiak.

Beste iturririk baliatu al duzu zure liburua osatzeko?
Internet ere gogoan izan dut, baita beste hainbat liburu eta aldizkari ere. Horien artean, azpimarragarri da Auspoa bilduma. Bertatik jaso ditut hainbat bertsolariren gorabeherak. Era berean, oso baliagarri izan dut Villabonako Mintzola ahozko lantegia, hauek ere sekulako lan ederra egiten ari dira bertso munduan.

Laburtuko al zenituzke liburuko bilduma egiterakoan izan dituzun helburu nagusiak?
Lehenengo eta behin, atsegin dudan bilduma bat egitea izan da. Asteasu gure ume garaian guztiz euskalduna zen, baina oraindik ikastolak hasi gabe zeuden. Beraz, gure aurrekoek ez zuten ohiturarik, ezta eskolarik ere, herriko kontuak euskaraz irakurtzeko.
Bestetik, gaur Asteasuko jendea, batik bat gazte jendea, euskaraz alfabetatuta dago, beraz euskaraz irakurtzea ohiko gauza da gazte hauentzat. Alfabetatze zeregin horretan zerikusi handia izan dute, besteak beste, Asteasun irakurtzen diren euskal aldizkariek. Aiurrik historia luzea du, laburragoa da Tolosaldeko Atariarena. Bi hauek, besteak beste, irakurketa trebezian eta euskaraz gustura irakurtzen asko lagundu dutela uste dut.

Artikuluen artean denetariko gaiak bildu dituzu…
Artikuluak, esan bezala, lehen nonbait argitaratuak izan dira, nik jaso egin ditut eta bilduma batean jarri. Gehiago ere badira Asteasuri buruz argitaratu direnak. Nik  aukera bat egin dut, pentsatuta hor ondo samar gauzatzen dela gaur egungo Asteasuko jendearen izaera eta nolabait historiatxo bat.
Liburu honetan, herriko seme-alabak agertzen dira hainbat eta hainbat zereginetan. Gaur egungoak gehienbat. Bertan agertzen diren artikuluetan ikusten da herriaren dinamika: Ohitura zaharrak, Olentzero, Santa Ageda, bertsolaritza zaharra eta gaurkoa, irakaskuntza mundua, andereñoak, elizaren garai bateko kemena eta egungo beherakada eta abar luze bat. Nolabait,  herri euskaldun, dinamiko eta ohiturazalea eta, era berean, modernoa ikus daiteke bertan isladatuta.

Ba al duzu asmo berririk?
Baditut beste hainbat apunte idatziak. Orri asko dira eta bertan gaur arte bildu ditudan Asteasuri buruzko gora-beherak agertzen dira, lehen idatziak ere zabalago jarriak. ‘Asteasu, Aiztondoko Alkatetza’ izenburua izango du hurrengo liburuak.

Udalari esker-ona
Asteasuko Udalak ‘Asteasuko kontakizunak’ liburuaren ehun ale erosi ditu eta Gillermo Etxeberria egileak eskerrik beroenak eman nahi dizkio, “liburua argitaratzeko emandako laguntzagatik”.
Inork liburua eskuratu nahiko balu, udaletxean eskatu besterik ez luke. Doan emango zaie asteasuarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!