Intentzio onenarekin, musika ona eskaintzeko gogoz lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Sin Mala Intencion, Gorka Lizaso Perez musikari billabonatarra buru duen pop-rock talde gipuzkoarrak, ‘Esas cosas’ lehen diskoa aurkeztu eta bere bideari ekin dio.

Denbora luzez abestiak sortzen aritu eta hainbat kontzertu eskaini ondoren, Gorka L.P. abeslari eta musikari billabonatarrak Sin Mala Intencion bere proiektu musikala martxan jartzea erabaki du, musikari eta bidelagun trebe eta bertutetsuz ondo babesturik. Sei musikarik osatzen dute taldea: Gorka L.P. (ahotsa, gitarra), Javi Echarri (gitarrak), Iker Gutierrez (gitarrak), Igor Barrero (teklatuak), Maria Soriazu (baxua, ahotsak) eta Bjorn Mendizabal (bateria).

‘Esas cosas’ lehen diskoa grabatu zenuten iaz. Zer nolako esperientzia izan zen?
Iazko azaro bukaeran grabatu genuen diskoa eta igaro berri den martxoaren 31n aurkeztu dugu jendaurrean, Donostiako El Anden Cafe Teatron. Besteak beste, Jon Aira gitarristak hartu zuen parte diskoan, baina beste hamaika lanetan dabilenez, hasieratik esan zigun ezingo zuela zuzenekoetan parte hartu. Bartzelonatik Javier Alcala gitarrista ere etorri zen diskoa grabatzera. Teklatuak Freddy Pelaezek grabatu zituen, oso teklista ezagunak. Zuzenekoetan aritzen diren Maria Soriazu eta Bjorn Mendizabalek ere parte hartu zuten diskoan. Egia esan, luxuzko kolaborazioa izan genuen diskoa grabatzerakoan. Oso gustura geratu gara diskoan lortutako soinuarekin batez ere. Adunan grabatu genuen diskoa, Beñat Igerabideren estudioan. Etxean bezala, oso–oso eroso sentitu ginen; presarik gabe, ordutegirik gabe… Oso esperientzia polita izan zen.

Hamar kantu biltzen ditu diskoak. Nola osatu dituzue?
Kantu guztien letrak eta musikak neronek sortu ditut, ‘Arena triste’ kantuan izan ezik. Kasu horretan, letra nirea da eta Beñat Igerabiderena musika. Niri buruz hitz egiten dute kantuek, nire gauzak kontatzen. Hortik diskoaren izena ‘Esas cosas’ / ‘Nire gauzak’. Amodioaz, bizitzaren motorraz hitz egiten dut kantu askotan, baina baita ikusten ditudan beste hainbat gaiez ere. Kantu batzuk besteak baino autobiografikoagoak dira. Asko gustatzen zait hitzen metrika eta errima lantzea. Sabinari ikasi nion esaldia hasieratik ontzat ez ematen, hitzak aldatuz, frogak egiten. Musika moldaketak eta hitzak mimo handiarekin zaindu ditugu. Diskoaren liburuxka 18 orrialdekoa da eta argazki nahiz diseinua ere oso landuak dira. Behin diskoa ateratzen hasita, lan txukuna egin nahi izan dut, urteak igaro ondoren, ‘lan ederra egin genuen’ pentsatu ahal izateko.

Eta zer moduz abiatu zarete musikaren erakusleiho zabalean?
Diskoa grabatu eta gero, zuzenekoak eskaintzeko musikarien bila hasi nintzen. Maria Soriazu, Bjorn Mendizabal eta hiruokin, Javi Echarri, Iker Gutierrez eta Igor Barrero elkartu dira taldera. Kontzertuak prestatzen denbora pixka bat igaro ondoren, hasiak gara dagoeneko emanaldiak eskaintzen. Azkena Villabonan bertan eskaini genuen apirilaren 22an, Beertoki azokaren baitan eta ohorea izan zen guretzat herriko lau gaztek antolatutako proiektuan parte hartzea.

Gaztelania aukeratu duzu zure kantuetarako…
Nik uste kanpo eraginengatik dela, gehien gustatzen zaizkidan idazle eta musikariek gaztelaniaz egiten dutelako. Eta sentimenduak errazago idazten ditut gaztelaniaz, euskaraz baino. Gainerakoan euskalduna naiz eta nire egunerokotasunean euskara erabiltzen dut ziurrenik, gaztelania baino gehiago. Baina ea egunen batean, diskoren batean euskaraz ere kanturen bat sartzen dugun.

Zein helburu duzue etorkizunera begira?
Talde bezala, zuzenekoak eskaini nahiko genituzke, areto txikietan batez ere. Eta noski, Sin Mala Intencion taldeak pixkanaka izena hartzea eta lekua izatea gustatuko litzaiguke. Hori da helburua, ze musikatik bizitzea ametsa baita. Ametsak batzuetan bete egiten dira, baina ez beti. Momentuz amets bezala jarrai dezala eta betetzen bada, askoz ere hobeto.

Gaztetxotan ekin zenion zuk musikaren bideari…
17-18 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen ikasten, orduan hasi nintzen abestiak osatzen ere. Aurrez, solfeoa eta eskusoinua ikasi nituen umetan. Herriko Eresargi Txiki abesbatzako kide ere izan nintzen. Musika ikasgai osoa dela uste dut. Bere baitan ditu historia edota matematika eta, beste ikasgaiek ez duten ezaugarri bat ere badu: sentimendua. Musika irakasle izateko ikasketak egin nituen, nahiz eta egun ez naizen lan horretan ari.

Hurrengo kontzertuak
• Maiatzak 20, larunbata
Olatu talka jaialdia. Donostia.
• Maiatzak 26, ostirala
Pagoa kafe antzokia. Oiartzun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!