Aiztondoko Maskaradak, kolorez betetako festa alaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 9a, 02:00

Festa handia izan zen atzo arratsaldean Larraulen. Jende ugari gerturatu zen Ernio azpira Xiberuko Maskaradak gertutik gertura ikustera. Eguraldi ederra, giro paregabea, euskararen, euskal kultura eta Euskal Herriaren aldeko aldarria izan zen:

[Argazkiak] [Bideoak]

Atzo arratsaldean jendez lepo bete zen Larraulgo plaza. Eskualdetik nahiz kanpokko herritar ugari gerturatu zen Xiberuako Maskarada jokoez gozatzera. Eta , gozatzeko moduko festa izan zen, dudarik gabe. Bi ordu eta erdiko iraupena izan zuen dantza, antzerkia eta musika uztartu zituen plazako saioak. Koloretsua, bizia eta alaia izan zen, xibereraz emana. Kritikarako tartea ere izan zen eta Aiztondo eskualdeko herrien aipamena ere egin zen, bertako hainbat gertaerari lekua eginez.

Maskarada jokoen aurretik, ohi denez, barrikadak eskaini zituzten Xiberuako dantzariek. Herri bakarrean beharrean, kasu honetan, Aiztondoko herri ezberdinetan txandakatuta: Asteasun, Alkizan, Adunan eta Zizurkilen. Kolorea eta alaitasuna zabaldu zuten goizean zehar herriz herri eta Aiztondoko herritarrek ongi etorria egin zieten herri bakoitzean. Besteren artean, adunarrek eginiko harrera aipatu behar, euren herriko tradizioak erakutsiz, axeri dantzariak nahiz oilasko biltzaileak aritu baitziren plazan dantzan.

Atzo, igandea, izan zen Aiztondoko Maskaraden egun handia, baina bezperan ekin zitzaion festari. Larunbat arratsaldean ongi etorri instituzionala egin zitzaien Xiberuatik Aiztondora gerturatutako kideei. Autobuska etorri zen eta gustura ibili dira Gipuzkoako lurretan. Joan zen urtarrilean hasita, 16 emanaldi eskaini dituzte Pettarre eskualdeko gazteek, igandero-igandero Xiberuako herrietan. Azkena izan da Aiztondon emandakoa eta atseden hartuko dute orain. Euren artean halako giro ona sortu ondorenean, pena adierazten zuten partaideetako batzuk Maskaradak amaitu direlako, aurrerantzean berriz ere ez dutelako halako festarik kaleratu beharko.

Aiztondoko antolatzaileen lana ere nabarmendu beharrekoa da, haien urtebeteko lanari eta ilusioari esker izan baita posible atzokoa bezalako festa aurrera eramatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!