Taula gainean artista, eguneroko bizitzan artisaua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 8a, 02:00

Iraitz Lizarraga Triki traka triki tron TB saioan ezagun egin zen eta azken aldian Katxiporretaren ikuskizunetan parte hartzen ari da, Pirritx eta Porrotxekin denbora tarte batez eta, ikasturte honetan, Pupu eta Loreren Haizearen herria ikuskizunean. Hilaren 13an Basteron saioa eskainiko du.

Zer moduz sentitzen zara Loreren azalean, Euskal Herrian barrena aurkezten zabiltzaten ikuskizunean?
Ondo, egia esan oso esperientzia polita izaten ari da. Hasieran errespetu pixka bat ematen zigun, haurrentzat horren pertsonaia famatu diren panpinei bizia ematen ari ginelako. Baina, egia esan, jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Disfrutatzen gabiltza. Abenduaren 5ean egin genuen aurkezpena. Lehenengo emanaldietan urduri samar bageunden ere, jada gozatzen gabiltza, disfrutatzen.

Hau ez da haurrentzako antzezlanetan lanean zabiltzan lehen aldia...
Ez, lehenago Txalo konpainian nahiko antzezlan egina nago. “Magia teilatuan” izeneko obra batekin hasi nintzen eta gero egin ditut gehiago, “Molly Malonen istorio sinestezina” adibidez. Gaur egun ere “Magia Lapurrak” izeneko beste ikuskizun batean ari naiz mago bat eta beste aktore batekin batera.

Haurrek begi kritikoa dutela esango al zenuke?
Haurrak ez dira publiko erraza, aspertzen diren momentuan ez baitute itxurarik egiten helduok egin dezakegun moduan. Aspertzen hasten diren momentuan, hitz egiten hasten dira edo alde egiten dute. Orduan zentzu horretan nahiko exigenteak dira. Erantzun ona izaten ari gara, baita gurasoena ere.

Antzezlea izateaz gain, zuzendari ere bazara...
Bai, zuzendari lanetan ibili naiz Zizurkilen “Bazen behin herri txiki bat” antzezlanarekin. Eta maiatzaren 20an Erdi Aroaren inguruan Zizurkilen egingo den antzezlana zuzentzen eta gidoiak idazten nabil.

Herritarren inplikaziorik ikusten al duzu Erdi Aroko festan Zizurkilen egingo duzuen antzezlan horretarako?
Bai. Aurreko antzerkiak harrera ona izan zuen eta ikusten da jendea inplikatuta eta gogotsu dagoela. Beldur pixka bat ere nabari da antzeztera ohituta ez dagoen jendearen artean. Baina laguntzeko eta atzeko lana egiteko ere jendea oso prest ageri da. Alde horretatik poza ematen du arlo ezberdinetako jendea parte hartzen ikusteak. Beste lekuetan ikusten ez duzun jendea etortzen da eta alde horretatik herriarentzat aberasgarria dela uste dut.

“Maiatza Saltsan” ekimeneko antzezlanean zer nolako emaitza lortzea espero duzue?
Espero dugu emaitza polita izango dela. Ziurgabetasun puntu horrekin nago, ez baita aurreko antzezlanaren antzekoa. Hark hasiera eta amaiera bat zuen antzezlan modura. Oraingoan egun osoko festa antolatu dugu herriko plazan, Erdi Aroko merkatu moduko bat antolatu dugu, eta egunean zehar esketx ezberdinak egiten joango gara. Ondoren bazkari herrikoi bat ere egingo da eta haurrentzako jolasak eta erromeria ere izango dugu bertan.

Arlo ezberdin asko ukitu dituzu zure ibilbidean...
Bai, lanbide honek hori dauka, ez daukazu ezer finkoa eta gauza ezberdin askori eutsi behar diozu. Malgua izaten jakin behar da zentzu horretan, egokitzen jakin eta momentuan etortzen denari eutsi. Esan beharra dut niri saltsan ibiltzea ere gustatzen zaidala, ez dut ezetzik esango.

Parte hartu duzun antzezlan guztietatik bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Niri aktore lana asko gustatzen zait. Zuzendariarena ere bai baina askotan kosta egiten zait oholtzaren atzean egotea, nik ere bertan egon nahi baitut. Azkenean oholtzak hori du, deitu egiten zaitu. Eta lan guztietatik baten bat aukeratu beharko banu, politenetariko bat “Datorren Urtean Hobeto” Txalo konpainiarekin helduentzako egin genuen obra izan zen. Baita Trapu Zaharrak konpainiarekin helduentzat egin genuen beste kale antzerki bat ere.

Oso ezberdina izango da ikuslearen arabera obra bat egokitzea, ezta?
Bai halaxe da, haurren exijentzia maila handia da, baina zu antzoki batera joan eta helduentzako antzezlan bat egitera zoazenean, normalean isiltasuna egoten da eta ez duzu horren aurka borrokatu behar. Lantzen diren gaiak ere trama sakonagokoak izaten dira.

Zein gomendio emango zenioke orain antzerki edo interpretazio munduan hasi nahi duen edonori?
Ikasteko. Hemen lehen ez zeuden baliabide handiak daude orain ikasteko. Ez zegoen eskola ofizialik. Gogoan dut eskolaz eskola ibiltzen nintzela, eta azkenerako nekatu egin nintzela, nire buruari horrela ibiltzeak zertarako balio zidan galdetzen nion. Nire gomendioa ikastea da, amorerik ez ematea eta, artista izateaz gain, eguneroko lanaren eraginez artisau ere izaten saiatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!