Fanny Alonsoren diseinuak ikusgai Donostian bihar-etzi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 5a, 02:00

Fanny Alonso Andoaingo diseinatzailea protagonistetako bat izango da aurtengo GDM Donostia Moda Jaialdian. Udaberria-udako denboraldiari begira modaren munduan egiten den oihartzun handiko ekitaldia da hori.

Lau egunez luzatuko den jaialdian Alonsoren soinekoak bihar, larunbatarekin, jantzi eta erakutsiko dituzte pasareletako modeloek, San Telmoko elizan 13:30etik 14:00etara ospatuko den desfilean.

Desfile berean Alonsoren kolekzioaz gain, By Nerea, Batela, Charleston, Eguzkilore eta Yolanda Garcia-El Atelier Nupcialenak ere ikusi ahal izango dira.

Igandean Fanny Alonsoren diseinuak ikusteko bigarren aukera izango da, Pop Up udaberria-uda izeneko ekitaldian; Londres Hotelak hartuko du ekitaldi hori, goizeko 10:30ean hasi eta 20:00a bitarte, sarrera libre izango delarik.

Urnietako Sandra Gomez (Beti Beauty) izango da Londres Hotelean aparteko tokia edukiko duen beste diseinatzailea. Gomez eta Alonsorekin batera, honako sortzaileen jantziak ikusi ahal izango dira: Akukuna (Donostia), Charleston (Donostia), Enedur (Beasain), Facoco Store (Bartzelona), La Ratita Presumida (Tolosa), Maitane estetika & moda (Deba), Marian Navarro Edertasun Zentrua (Errenteria), Muchas Telas (Donostia), Keler eta Bengoa DJ.

Komertzioek eta diseinatzaile guzti horiek salmenta postuak jarriko dituzte bertan, beren jantziak ikusi eta erosi ahal izateko moduan. Gune berean, moda munduko osagarriak eta edertasuna lantzen duten tratamenduak ere erakusgai egongo dira. Shopping egitea maite dutenentzat egun egokia izan liteke igandekoa, beraz.

Fanny Alonso ez da geldirik egoteko emakumea, eta bere diseinuak Iruñea eta Gasteizeko pasareletan zabaldu izan dira oraindik orain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!