Oinatz Otegi gaztea, bertsotan bikain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 5a, 02:00

Eskolarteko Bertso Txapelketako garaile izan da Oinatz Otegi gazte asteasuarra, bertsopaperetan. Asteasuko bertso eskolan ari da trebatzen.

Bosgarren mailan zegoenean hasi zen bertso munduan murgiltzen Oinatz Otegi Bakero gazte asteasuarra. “Bertsolaritzako saioak izaten genituen Pello Errota ikastetxean, eta ikasturte amaieran, Asteasun bertso eskola sortzeko asmoa zeukatela eta, parte hartzeko proposamena luzatu ziguten. Zortzi pertsona animatu ginen”.
Bertsoaren munduak erakarrita, gogotsu dabil Oinatz geroztik. “Haritz Mujika dugu irakasle, eta hamar pertsona aritzen gara berarekin, bi taldetan banatuta. Lagun giro polita dugu gure artean, eta gustura elkartzen gara. Aurrera jarraitzeko gogoz nago ni eta gazteagoak gonbidatu nahiko nituzke bertso eskolan hastera; oso ondo pasako dute”, nabarmendu du Oinatzek.

Txapela, Eskolartekoan
Sari garrantzitsua jaso berri du Oinatzek. Eskolarteko txapelketan saritu dute, bertsopaperetan. Lau maila ezberdinetan banatuta, 960 bertsolari gazte baino gehiago lehiatu dira txapelketa horretan. Handia izan da, beraz, Oinatzek lortutakoa. “Ez nuen espero irabazterik. Gure bertso eskolako kide batek sariren bat etxeratuko zuela pentsatzen nuen, baina ni ez nintzen segurtasun horrekin joan”. Saria jasota, gustura da gaztea eta baita ingurukoak ere.
Tolosako saioan aritu zen Oinatz. Ordubete izan zuten bertsoak osatzeko. Bi bertso edo sei kopla osatu behar zituzten, gustuko doinu eta neurria erabiliz: “Sartzen ginen heinean, bertsotarako gaia zein izango genuen zehazten ziguten. Egokitutako gaiak baldintza dezake pixka bat osatutako bertsoen kalitatea. Ideiaren bat etorri behar zaizu burura, eta hori ez da beti erraza izaten. ‘Aurten ere Afrikarako janari bilketa egiten ari dira’, horixe zen guri egokitu zitzaigun gaia. Kosta egin zitzaidan arrankatzea, baina lehen bertsoa osatu nuenean, bigarrena erraz atera zitzaidan”.

Jendaurrean
Sari banaketa ekitaldian jendaurrean abestu zituen bere bertsoak Oinatzek. “Oraindik urduri jartzen naiz, baina geroz eta seguruago sentitzen naiz kantatzeko garaian. Bat-batean ere aritzen gara bertso eskolan, errima jarrita edo puntuarekin, normalean”. Bertso eskolako ikasturte amaiera ospatzeko, saio berezia ere eskainiko dute. Oinatzek azaldu duenez, “iaz bertso saioa egin genuen eta aurten, bertso-antzerkia eskainiko dugu. Dagoeneko hasita gaude lehendabiziko prestaketa lanak egiten”.

Jarraitzeko indarra
Hamahiru urte ditu Oinatzek, eta gustura dabil bertsotan. “Bestela ere oso gustura nenbilen, eta sariak, aurrera jarraitzeko gogoa piztu dit”. Oinatzek ez ezik, beste asteasuar batek ere jaso zuen saria aurtengo Eskolartekoan. “Ugaitz Usabiagak txapela etxeratu zuen iaz eta, aurten, aipamen berezia jaso du”. Maila bikainean dabiltza, beraz, Asteasuko bertsolari gazteak.  
Orain arte, Oinatzen etxekoak ez dira izan bereziki bertsozaleak, “baina orain, geroz eta gehiago ari dira mundu horretan sartzen. Inguruan antolatutako bertso afarietara elkarrekin joaten hasi gara. Gainerantzean, familia-bazkariak izaten ditugunean, osaba aritzen da bat-batean kantatzen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!