Maskarada jokoak, igande honetan Aiztondon

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 5a, 02:00

Igande honetan Maskarada jokoak izango dira Aiztondon. Egitaraua, aparkalekuak eta informazio orokorra jarraian:

Naturak berekin kaos bat du eta Gizakiak Naturaren aurka borrokatu du, antzinatik. Maskaradek hori irudikatzeko egitura jakina  dute. Luzea izaten da, egun osoko iraupena duena, bazkaria tartean. Oro har, hiru zati izango ditu Aiztondoko Maskaradak ere:

1. Barrikada hausteak
Maiatzaren 7an, goizeko 10:00etan Asteasun, Alkizan, Adunan eta Zizurkil Goian herriaren hartzea irudikatuko da. Errezibitzaileek –herri horietako dantzariek– dantzaz agurra eskainiko diete. Ondoren, Arizaleen dantzen txanda izango da: koplak abestuz eta musika joz arituko dira.

2. Ofizioak eta dantzak
Igandeko bazkalostean emankizun nagusia Larraulgo plazan izango da. Ohiko den modura bi dantza eskainiko dituzte: Muñeiñak eta Marianak. Maskaradatan arratsaldeko ofizioak edo funtzioak honelatsu izan ohi dira:

  • • Marexalak: Zamaltzaina ferratu behar dute. Hasieran gaizki egiten dute, eta ondoren ongi.
  • • Xorrotxak: ofizio bakoitza aurkeztuko dute, kopla bidez.
  • • Kherestuak: Zamaltzain zaldiaren zikiratzea antzezten dute. Lehen saioan ez dute lortuko eta nagusiak mutikoa kaleratuko du. Honen ordez Pitxua hartuko du, mutikoa baino baldarragoa dena. Kantiniersarengana joko du baina berriro mutila onartu da eta, orduan bai, zikiratzea lortuko dute. Barrabilak (bi patata, bi kortxo…) airera botako dituzte.
  • • Txerrero, gathuzain, kantiniersa, zamaltzaina eta entseinaria: dantza egingo dute, biribilean.
  • • Xorrotxak: Plazan sartu, kopla bidez agurtu eta Jaunaren ezpata zorrozten hasiko dira Etxahun Irurik sortutako kantu bat abestuz. Honetan ere hiru atal daude: Lehenengoan nagusiak mutila kaleratuko du, bigarrenean Pitxuaren laguntzak egoera okertuko du eta hirugarrenerako mutila berriro sartu eta ezpata zorroztea lortuko dute.
  • • Buhameak: Plazan zarata eta orro batean sartuko dira. Beren zurezko ezpatekin dantza egiten dute. Ondoren nagusiak bere balentriak adieraziko ditu.
  • • Aitzindariak: Jaunaren aurrean godaleta edo edalontzi bat kokatu eta haren gainean godaleta dantza eskainiko dute.
  • • Kauterak: Gutxienez lau galdaragile dira, tartean Kabana nagusia eta Pitxua. Plazan zarata ikaragarria eginez sartuko dira. Kabanak liburu handi bat eta usta edo arbazta ditu eskuetan. Jaunaren pertza konpondu behar dute. Lana bukatzean, jaunak sos batzuk botako ditu airera eta kauterek diru hori hartzeko salto egingo dute. Pitxua azpian harrapatuta hilko da. Medizinak ebakuntza egin eta berpiztea lortuko du, Natura udaberrian berpizten den moduan. Kabanak Pitxuaren testamentua irakurriko du gero. Bertakoa izan ezean, askotan zail da testamentuan kontatzen denaren ironia ulertzea. Azken dantzarekin amaituko da bigarren zatia.

3. Denen arteko kantu ematea
Denen artean kantu bat abestuko da. Kantua urtero berria izan ohi da. Aurtengo hitzak eta airea, Allande Davantek sortu ditu. On egin dagigula maiatzaren zazpiak! Galdu ezinezko hitzordua izango da igandekoa.

 

Egitaraua
Maiatzak 6, larunbata

18:00 Xiberutarrei ongi etorria, Asteasuko plazan. Ondoren, poteoa
20:00 Afari herrikoia Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Musika tresnak eramateko gonbita luzatu dute.

Maiatzak 7, igandea
10:00 Barrikadak Asteasun.
11:00 Barrikadak Alkizan.
12:00 Barrikadak Adunan.
13:00 Barrikadak Zizurkil Goian.
14:00 Bazkari herrikoia Larraulgo pilotalekuan.
16:30 Maskarada jokoak Larraulgo plazan.

Aparkalekuak | Maiatzak 7, igandea
Kotxez. Arratsaldean Larraulera hurbiltzeko autoz igotzeko aukera izango da.

Busez. Zerbitzua martxan:

  • Villabonatik 11:35etan eta 13:05etan.
  • Asteasutik 11:40etan eta 13:10etan.

Itzulerako busa 18:25etan irtengo da Larrauldik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!