Andoaingo hiru musikari gazte Hernaniko kontzertuan igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 5a, 02:00

Hernaniko Musika Bandaren eta hamaika bakarlari gazteen kontzertu bikaina iragarri da iganderako Hernanin. Gazte horietatik hiru andoaindarrak dira: Oier Parada (saxofoia), Mirari Ucin (saxofoia) eta Joxe Ramon Berrondo (tronpeta).  

 

Eguardiko 12:45ean hasiko da kontzertua, Hernaniko udaletxeko kontsejupean.

Musika munduan etorkizun handikoak diren musikari gazteentzako prestatutako kontzertu berezia izango da. Jendaurrean eskarmentua pilatzen ari direnak poliki-poliki.

Zortzi hernaniarrak dira, eta hiru andoaindarrak, esan bezala. Ucin Berrondo eta Paradarekin batera, Manex Zabaleta, Ane Telletxea, Enara Arruti, Julen Beraza, Bittor Karrera, Eneko Sota, Sara Otaegi eta Iker Lizartza arituko dira Hernaniko kontzertuan.   

Denetariko instrumentuak entzun ahal izango ditu publikoak emanaldian: piano, akordeoia, oboea, tronpeta, tronboia, saxofoia, txistua eta ahotsa, hain zuzen.

Gazteek beraiek aukeratutako abestia joko dituzte. Andoaindarrei dagokienez, Oier Paradak Baghira (Ferrer Ferran), Mirari Ucinek La pequeña Czarda (Pedro Iturralde) eta Joxe Ramon Berrondok Joxe Ramon dira aukeratu dituztenak; esan beharra dago azken abesti hori Joxe Mari Oiartzabal sortzaile andoaindarrak konposatu duela, tronpeta jotzaile gaztearen omenez. Hernanin bertan estreinatuko da pieza. Kontzertuan zehar bigarren pieza bat ere estreinatuko da, El nano de Cordoba izeneko pasodoblea, urtetan Andoaingo Udal Musika eskolako irakasle izan zen Mikel Matek konposatu duena.

Gabriel´s oboe (Ennio Morricone), Asturias (Isaac Albeniz), Brehme (Gorka Hermosa), Concierto para trombon (Nikolai Rimski Korsakov) eta Somewhere over the rainbow (Harold Arlen) izango dira kontzertua osatuko duten musika piezak.

Roberto Pachecok zuzenduko du kontzertua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!