Emakumearen jabekuntzarako tailerrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 5a, 02:00

Esti Mujika Andoaingo Udaleko Berdintasun zinegotziak eta Sandra Barrenetxea Berdintasun teknikariak emakumeen jabekuntza lantzen duten zenbait ikastaro eta tailer aurkeztu dituzte gaur.

Gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun errealaren bidean Andoaingo Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian aurreko urtetan, eta azken urratsak dira, esatera batera, Berdintasunaren Batzordearen eraketa, berdintasun teknikari baten kontratazioa, edo-eta Jabekuntza Eskola.

Esti Mujikak adierazi duenez, ”Udalak beharrezkoa ikusten du emakumeen partehartzea soziala eta politikoa sustatzea, ahalduntze prozesuen bidez. Alegia, emakumeok geure izaeraren autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, gure gaitasun propioak ezagutzea, eta emakumeei dagokigun espazio publikoa berreskuratzea”.

Jabekuntza Eskola horren baitan kokatzen dira, hain zuzen ere, Udalak azken aldian antolatu dituen zenbait proiektu, gaur aurkeztu dituztenak. Sandra Barrenetxeak proiektu horiei buruzko xehetasunak eman ditu. “Emakumea musikara gerturatzea eta espazio publikoa ere okupatzea helburua duen Batukada Feminista da eskaintza horietako bat; astelehenero, Gazte Lokalean egingo dira saioak. Jabekuntza feministarako tresna da bigarren eskaintza. Rap musika entzuteko eta bideoak ikusteko aukera ematen duen tailerra da, aste honetan Urigain kultur etxean burutzen ari dena. Ikastaro hau neska gazteengana bideratuta dago, kontuan hartzen baititu kultur adierazpen ezberdinak jorratuz lanketa feminista egitea".

Bestetik, “Gure sentimenduak landuz, gu geu onartuz” izenburuko ikastaroa aipatu behar da eskaintzaren barnean. "Adimen emozionala landu nahi da, eta beharbada emakume nagusien begira antolatu da. Maiatzaren 16an (astearte) hasiko da Urigain kultur etxean, eta bost saioko iraupena izango du”.

Jatorri anitzetako emakumeen elkargune multikulturala sortu nahi duen egitasmoa aipatu du segidan Barranetxeak. “Datorren astelehenean bilerak egingo ditugu emakume emigrante ezberdinekin, espazio propio bat sortzeko asmoz. Helburua, emakume horien osasun fisiko eta emozionala hobetzea eta euren jabekuntza prozesua indartzea da. Aldi berean, Andoaingo herriarekin eta herritarrekin dauzkaten harremanak sendo ditzaten lagundu nahi diegu; izan ere, normalki, oso egoera isolatuan bizi dira, eta batez ere beste emakume emigranteekin egiten dituzte harramanak bertakoekin baino gehiago”.

Azkenik, Udalak autodefentsa tailerra antolatuko du azarorako.

Ikastaro horietan izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, Andoaingo Udaleko berdintasun arlora jo behar da (Urigain kultur etxea), edo-eta erabil daiteke emaila (sbarrenetxea@andoain.eus) nahiz telefonoa (943300830 ext 397).

Esti Mujikak Andoaingo emakume guztiei gonbidapena luzatu die aipatu egitasmoetan parte har dezaten, edo eta bestelako proposamenak egin ditzaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!