‘Pentagrama-Enea’ antzezlana Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 4a, 02:00

Igande honetan Urnietako Udal antzerki tailerraren antzezlana, 17:30ean hasita. Sarrerak salgai daude, eta egunean bertan leihatilan ere eskuragarri izango dira. Aiurrik Mikel Agirregomezkorta zuzendaria elkarrizketatu du. 

1996. urtean, Antton Jauregi Egape ikastolako irakasleak musika irakasteko prozesua azaltzeko ipuin bat asmatu zuen. Hori oinarri hartuta, antzezlana moldatu eta igande honetan Epagen taularatuko du Urnietako Antzerki Tailerrak, arratsaldeko 17:30ean hasita. 

Nolatan sortu zen ipuina antzerkira moldatzeko ideia?
Antton Jauregik eta biok ikusi genuen ipuinak antzerkian jokoa eman zezakeela. Orduan, Aizpea Goenagarekin harremanetan jarri ginen eta berak egin zuen gidoia. Garai hartan ez zegoen antzerki tailerrik, baina gazte talde batekin ahalegina egin genuen Pentagrama-Enea antzezteko. Antzerkia egitera ez ginen iritsi, baina erakustalditxo bat egitea lortu genuen. Hori hala, niri buruan geratu zitzaidan antzerki hura noizbait egiteko gogoa. Orain, antzerki tailerra sortuta, ahaleginean jarraitu dugu eta aurten egiteke genuen hori aurrera eraman dugu. 

Zein da kontatzen den istorioa?
Herri batean oinarritutako istorioa da. Herriko bikote batek herriari bizia emateko etxe bat sortzea erabakitzen du: Pentagrama-Enea etxea. Hala, kanpotik herrira oporretara etorritakoen laguntzaz, pixkanaka etxea eraikitzen joango dira. 

Istorioak musikatik asko izango du, baina musikal bat dela esan daiteke?
Baietz esango nuke, pertsonaia bakoitzak bere kanta duelako. 

Zer moduz doaz egun hauetako entseguak?
Orain buru belarri sartuta gaude, iritsi ezinik. Zezenak urtero harrapatzen nau, aurten bereziki. Astean behin soilik geratzen gara eta, azken finean, lau entseguetan osatu behar izan dugu dena. Izan ere, urtean zehar tailerrean bestelako gaitasun batzuk lantzen ibili gara eta amaieran emanaldia prestatzeari ekin diogu. Dena den, orain egunero ibili gara entseatzen eta igandera arte horretan jarraituko dugu.  

Zer izan da prozesu honetan erronkarik garratzena?
Bi erronka nagusi eduki ditut antzerki honekin; batetik, antzerki euskalduna dela eta tailerrak eleanitzak izan ohi direla. Bestetik, antzerkiko pertsonaiak 8 diren bitartean, tailerrean kide gehiago edo gutxiago egon daitezkeela. Aurten ere kopuruak buruhausteak eman dizkit. Arazoak izan ditugun arren, moldatu gara eta emanaldia emateko prest gaude. 

Metodologia baten oinarritutako antzerkia denez, ikusleak ikasi egingo al du?
Ipuina oso ezaguna da, bereziki Egape ikastolan. Honenbestez, oso gertukoa egingo zaie. Hala ere, bakoitzak pertsonaiekiko duen ikuspegia aldatu daiteke, Anttonek egiten duenetik antzerkira saltoa egon daitekeelako, baina hori ere polita da.  

Haurrei zuzendutako antzerkia al da?
Berezi haurrei, antzerki infantila delako, baino ez da beraientzat bakarrik. Emanaldi hau pertsona helduentzat ere izan daiteke; izan ere, antzerki infantila kalitatekoa bada, helduek ere gustura ikusi dezakete. Gu behintzat saiatuko gara emankizun polita eta ona eskaintzen. 

Urnietatik kanpo antzezlana eskaintzeko asmorik ba al duzue?
Gustatuko litzaiguke gainontzeko herrietan erakustea. Eskoletan erakustea bikaina litzateke. Egaperen hamabostaldi kulturalean sartuko dugu, eta horrez gain, urriaren 20an Lezon ere. 

Zein mezu esan nahiko zenieke herritarrei?
Uste dut bertaratzen direnek ondo pasako dutela, umorea osagai nagusiena delako. Beraz, etor daitezela eta gozatu dezatela. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!